Mankomunitateak Hondakin Prebentziorako Europako Astearekin bat egin zuen

Guaixe 2020ko abe. 2a, 10:47
Izurdiagako elkarteak Kafe Konponduren asio bat hartu zuen.

Kafe Konpondu jarduerak burutzen ari dira, garbigune berria zabaldu da Altsasun eta garbiguneetara zerbait eramatera doazenek paperezko poltsa berrerabilgarria eta musukoa jasoko dute.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea izan zen aurrekoa eta Sakanako Mankomunitateak harekin bat egin zuen, “jakinik hondakin onena sortzen ez dena dela”. Hori dela eta hainbat jarduera antolatu ditu. Aurreko urteetan bezala, Mank-eko Hondakin Kudeaketa Zerbitzuak eta Batuta Sakana elkarteak Kafe Konpondu jarduera eskaini du. Topaketa horien bidez sakandarrei etxetresna txikiak, jostailuak, aulkiak eta bestelakoak konpondu eta konpontzen ikasteko aukera ematen zaie. Hala, hondakinak bihur zitezkeen gauza horiei bizi berri bat eman ahal izateko, eta, ondorioz hondakin kopurua murrizteko. Irurtzun, Izurdiaga, Etxarren eta Urdiaindik pasa ondoren, ostiralean Bakaikun despeditu zen.

Tamaina handikoak
Mank-eko Hondakin Kudeaketa Zerbitzutik azaldu dutenez, tamaina handiko hondakinak (altzariak, etxetresna elektrikoak edo tresna elektronikoak) egoki kudeatu behar dira eta “ inolaz ere ez dira kalean edo ingurune naturaletan utzi behar”. Horregatik, Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoarekin batera Ez utzi botata, jarri amaiera polita kontzientziazio-kanpaina martxan jarri dute. Edo bestela esanda, “gure etxeak berrerabilgarriak izan daitezkeen lehengaiak sortzen dituen fabrika izan daiteke eta gu zirkulu ekonomiaren motor bihurtu gaitezke tamaina handiko hondakin horiek egoki kudeatuta”. 

Sakanan tamaina handiko hondakin horiek etxetik kentzeko bi bide daude. Alde batetik, Emauseko Trapuketarien atez ateko bilketa zerbitzua dago. Horretarako, 948 46 48 67 zenbakira hots egin edota info@sakana-mank.eus helbidera idatzi daiteke. Hitzordua lotu eta etxetik pasako dira. Bestetik, Sakanako Mankomunitatearen Garbigune Finkoen Sarera eraman daitezke tamaina handiko hondakin horiek: Arbizuko kudeaketa gunera edo Altsasuko Otain berriki zabaldu den garbigunera. Biak astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:30etara irekita daude. Mank-etik jakinarazi dutenez, “garbiguneetara zerbait ekartzera etortzen den edonork paperezko poltsa berrerabilgarr a eta musuko berrerabilgarria jasotzeko aukera izanen du”. 

Gehiago
Mank-etik jakinarazi dutenez, aurki herrietako egoitza publikoetan (udaletxeak, liburutegiak, osasun etxeak, kultur etxeak…) gehiegizko publizitatea jasotzeari ekiditeko eta paperaren xahuketari kontra egiteko, “publizitaterik ez” jartzen duen pegatinak eskuragai izanen dira, edonork bere postontzian jar dezan. Horretaz aparte, Hondakinen Kudeaketa Zerbitzua arropa trukeak herriz herri egiteko lanetan dabil. Arropa bilduko da eta trukean puntuak lortu. Pilatutako puntu horiekin eraman diren beste arropa batzuk eskuratu ahal izanen dira. Arropa truke horien berri aurrerago emanen dute.

Bestetik, Mank-ek jakinarazi du garbiguneetan egoera onean dagoen pintura jasotzen dela. Hori dela eta, hemendik aurrera pintura kopuru handiari berrerabilera bat eman nahian, pintura hori gorde eginen da eta Sakanako edozein zerbitzu publikok (ikastetxeek, udalek, eta abar) erabiltzeko aukera izanen du.