Atletismoa / Mendi lasterketak

30 gazte baino gehiago Dantzaleku Sakanarekin korrika

Maider Betelu Ganboa 2020ko abe. 2a, 13:30

Jokin Bereziartu, Fermin Azkargorta, Joseba Galarza eta Javi Gasanz, aurreko asteazkenean, Dantzaleku pistan.

Aurreko asteazkenean hasi ziren Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak 16 urtetik gorako gazteendako antolatutako pistako atletismoa eta mendi lasterketa entrenamenduak. Fermin Azkargorta iturmendiarra da monitorea, Javi Gasanz, Jokin Bereziartu eta Joseba Galarzaren laguntzarekin. Dantzalekuko gazteen taldea sortzea ongi legokeela aitortu dute

Asteazken arratsaldean 30 gazte baino gehiago bildu ziren Dantzalekuko atletismo pistetan. Fermin Azkargorta monitoreak eta Javi Gasanz, Jokin Bereziartu eta Joseba Galarza laguntzaileek egin zieten harrera. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatuta, 16 urtetik gorako gazteei atletismoan eta mendi lasterketetan formazioa eman nahi diete. Eta asteazkenean bertan hasi ziren lanean, pistetan eta inguruko basoetan. 

Hutsunea bete
Hutsune bat betetzeko sortu da taldea. “15 urtetik gorakoendako atletismoan eta mendi lasterketetan ez zegoen talderik ez formaziorik, eta hutsune hori betetzeko Dantzaleku Sakanako talde bat sortu nahi dugu 16 urtetik gorakoekin. Fermin Azkargorta monitorea izango da, atletismo irakasle izateko titulua ateratzen ari delako. Ferminek atletismoa landuko du gehiago, pistan. Eta Javi Gasanz eta ni mendiko taldean egongo gara gehiago” azaldu du Jokin Bereziartua mendi korrikalariak. Hirurak egon dira taldea sortzeko prozesuan, eta Joseba Galarza korrikalari iturmendiarra ere laguntzaileetako bat izango da. 

COVID-19 pandemia garaian, kontaktu zuzena eskatzen duten kirol askok mugak dituzte. Aldiz, atletismoak ez du kontaktu zuzena eskatzen, eta korrika egitea egun egin daitekeen kirol bakarrenetako bat da. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak haurrendako formazioa eskaintzen du, haurrendako atletismo eskola du, baina helduendako ez. Norbera bere kabuz aritzen da. Bestalde, Sakanako Mankomunitateak Sakanako Emakumeen Atletismo Eskola antolatzen du, 18 urtetik gorako emakumeendako. Atletismoan sartzea gehiago kosta zaie emakumeei, eta bere garaian emakumeei erraztasunak eta formazioa eskaintzeko sortu zen taldea, arrakasta duena. Ostiraletan trebatzen dira, Dantzalekun, Andoni Jaka Irurtzunekin. 

Taldean “edozeinek du tokia”
15 urtetik gorako gazteen hutsune hori betetzeko gazteen entrenamendu taldea antolatzea otu zitzaien Azkargortari, Gasanzi, Bereziarturi eta Galarzari. “Berdin digu neska edo mutila izan, taldean edozeinek du tokia. 16 urtetik gorakoen artean dagoen hutsunea bete nahi dugu, bestela hor bukatzen baita atletismoa. Nahi duguna da talde bat sortzea” azaldu du Fermin Azkargortak. 

Fermin Azkargortak zainetan darama atletismoa. “Leku guztietatik pasa naiz (kar, kar…). Txikitatik atletismoa egin dut. Dantzaleku Sakanan hasi nintzen atletismoan trebatzen. Atletismoarekin batera Sakanako Triatloi Taldean ibili nintzen, 3 urte inguru eta mendi lasterketak ere egin izan ditut. Atletismoan, Dantzalekun hasi baina Pamplona Atletico taldera egin nuen salto gero. Bertan nabil gaur egun, baina datorrenfd urtean, 2021ean, Dantzaleku Sakanara bueltatuko naiz berriro. Gogotsu nago” azaldu du Azkargortak. 20 urteko iturmendiarra irakasle ikasketekin ari da, baina aldi berean atletismo entrenatzaile izateko formazioa jasotzen du. Gradu erdiko ikasketak dira; aurreko urtean lehenengo urtea egin zuen eta aurten 2. urtea, eta beste maila bat dago, aurrerago egingo duena. Mendi lasterketen inguruan ere trebatzen ari da, bere kabuz, sarean topatzen dituen artikulu eta lanekin. 

Arrakastatsua
16 urtetik gorako gazteak atletismoan eta mendi lasterketetan trebatzeko ekimenak sekulako arrakasta izan du. “Erantzuna bikaina izan da, espero baino askoz hobea. Taldea lanean hasteko 10 gaztek izena ematea oso positiboa izango zela uste genuen. Eta 30 gazte baino gehiagok eman dute izena. Sorpresa izan da, sorpresa oso ona. Oso pozik gaude” azaldu du Azkargortak. Eurak gazteak dira, eta euren ingurukoak erakarri dituztela nabarmena da. “Ba ez dakit, egia esan. Bat-batean jende pila bat gerturatzen hasi da… ez dugu horretan pentsatu, baina izan daiteke, agian eragina izan du gu gazteak izatea” aipatu du Fermin Azkargortak. 

Asteazkenean egin zuten lehendabiziko entrenamendua. Dantzalekuko pistetan dute hitzordua. Asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. “Norbaitek animatu nahi badu ateak zabalik dauzka, taldean sar daiteke. Jar dadila gurekin harremanetan lasai asko” dio Azkargortak. Berak atletismoa landuko du gehiago, pistan, eta Javi Gasanzek eta Jokin Bereziartuk mendiko ardura hartuko dute. Joseba Galarza laguntzaile izanen dute. Maiatzeraino iraunen du ikastaroak. Maila ezberdinetako gazteak daudenez, mailaren arabera osatuko dituzte taldeak. “Ez da berdin korrikan hasi berria den norbait edo 5 urte korrika daramatzana. Taldeak nahiko erraz antolatuko ditugula uste dut” gaineratu du Ferminek. 

Taldea sortu
Atletismoaren inguruko formazioa eskaintzeaz gain, Dantzaleku Sakana taldea indartu nahi dute, gazteen taldea sortu, etorkizunean antolatu ahal diren lasterketetan aritu ahal izateko. “Taldea sortzea sekulakoa litzateke. Momentuz trebatzea, hori da egin beharrekoa. Jakina, izena eman dutenei Dantzaleku Sakana Atletismo Klubean izena emateko aukera dutela aipatuko diegu. Urtero 18 euroko kuota ordaintzen da. Taldekide izatera animatuko ditugu, baina hori euren aukera izango da, ez ditugu behartuko. Momentuz, taldea abiatzea, hori da dugun erronka” nabarmendu du monitoreak. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko beteranoak pozik daude gazteek taldeari eta atletismoari emandako bultzadarekin. 

Dantzalekuko pistek mantentze lanak behar dituztela adierazi dute
Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak bere sare sozialetan pistako mantentze lanak egitea eskatu dio Altsasuko Udalari. Pista berritzeko lanak 2010ean egin ziren, futbol zelaian belar artifiziala jartzeko lanekin eta Dantzalekuko kirol gunea behar bezala jartzeko lanekin batera. Lan guztiek 963.777 euroko aurrekontua izan zuten eta La Guereña enpresak egin zituen. Lanak Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu funtsarekin eta Espainiar Estatuko aurrekontuetatik finantzatu ziren, NaBai-ren zuzenketa bat onartu eta aurrekontuetan jaso eta gero. Baina urteak pasa, kortxozko pistako zenbait zatitan belarra hasi da jaiotzen eta pistako zenbait tokitan ere arrakalak eta zartadurak daude, bestelako hausturekin batera. Dantzaleku Sakana klubak mantentze lanak lehenbailehen egin ditzala eska dio Altsasuko Udalari. “Pistak zoragarriak dira entrenatzeko, baina urteak pasa ahala pista apurtzen hasi da eta Udalak mantentze lanak egin beharko lituzke. Jende askok erabiltzen ditu pistak korrika egiteko eta entrenatzeko. Mugimendua dago, eta pistak ongi mantendu behar dira. Ez badira zaintzen eta mantentzen, geroz eta okerragoa izango da konpontzea” dio Azkargortak.