Lehen arretako osasun zerbitzuak indartzeko eskaera

Guaixe 2020ko aza. 27a, 14:32
Irurtzunen lehen arreta hobetzeko eskatuz kontzentrazioa egin zuten herenegun.

Larunbatean, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da manifestazioa, ‘Osasun etxea zaindu! Oinarrizko osasun laguntzan dut min!’ leloa du.

Nafarroako Osasun Plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egin dute deialdia. Haren helburua da arduradun politikoei eskatzea Nafarroako aurrekontuetan diru gehiago bidera dezatela zerbitzu publikoetara, eta, zehazki, osasun zerbitzuetara. Asteazkenetan osasun etxeetan egin duten moduan, Iruñeko mobilizazioarekin adierazi nahi dute “kexatzeko garaia” dela: osasun sistemaren lehen arreta hobetzeko neurri eskasak hartu direlako, langileak falta direlako osasun etxeetan, behar bezalako arretarik ez dagoelako, osasun etxeetara sartzea gero eta zailagoa delako, landa eremuetan osasun baliabide eskasak dituztelako, hiriguneetan masifikazioa dagoelako…

Plataformako kideek osasun kontseilariari eta Osasun Departamentuko zuzendaritzari dei egiten diete, “lehenbailehen lanean jarri eta oinarrizko osasun laguntzaren egoera zuzendu dezaten; izan ere, beraiek lagundu baitute egoera hori are eta larriago egiten hartu dituzten azken neurriei esker”. Osasun arloko arduradunei neurriak hartzeko “luzamendutan” ez ibiltzeko eskatu diete. “Urtea despeditzerako oinarrizko osasun laguntza indartzeko plan baten iragarpena nahi dugu, eta has dadila berau aplikatzen urtea hastearekin batera”.