"Hezkuntzak indarkeria matxistaren erreprodukzioan betetzen duen papera" seinalatu eta salatzeko deia

Guaixe 2020ko aza. 27a, 13:02
Altsasu institutuan herenegun egindako kontzentrazioa. IKASLE ABERTZALEAK

Ikasle Abertzaleak deituta, Altsasu institutuan bi kontzentrazio egin ziren eta beste bat Andra Mari ikastolan. Elkarretaratzeetan bizitza biolentoen aurrean, ikasle antolakuntza leloa zuen pankartak zabaldu zituzten. 

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna zelako Ikasle Abertzaleak deituta atsedenaldietan kontzentrazioak egin ziren ikastetxeetan. Ikasle erakundeko kideek azaldu zutenez, “indarkeria matxista egiturazko indarkeria da, fenomeno sistemiko gisa ulertu behar dena”. Adierazi zutenez, “fenomeno horren azken helburua da botere burgesaren egitura mantentzea, emakumezkoa subjektu debaluatu izateko baldintzak jarriz”.

Ikasle Abertzaleak gaztigatu zuenez, “kapitalismoan hezkuntza instituzioak garrantzia handia du, ikasle otzanak sortzeaz aparte, lan-merkatuaren beharretara egokitzen diren ikasle prototipo zehatzak sortzen ditu. Horretarako, etorkizunean lan-merkatuan txertatuak izanen diren zapaldutako subjektibitateak sortzea beharrezkoa zaio”. Heziketan indarkeria matxista “inposaturiko genero rolak erreproduzituz edota ikasle zein irakasleen komentario matxistak entzunez barneratu eta erreproduzitzen dugun”. Horregatik, ikasle erakundeko kideek konpromisoa hartu dute halakoak seinalatzeko eta salatzeko. Aldi berean, adierazi dute “sistema kapitalistak sostengatzen duen harreman eredu bortitz eta matxista iraultzea ezinbestekoa izanen da”. Ikasleen antolakuntzarako deia egin dute.