Enplegurako giltza

Guaixe 2020ko aza. 26a, 19:07
Giltza enplegua aktibatzeko programako ikasleak Iortia kultur gunean. NAFARROAKO GOBERNUA

Zazpi sakandarrek enplegurako aktibatzeko Giltza programan parte hartu dute. Parte-hartzaileen profil desberdinak eta Sakanako erakundeen inplikazioak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako prestakuntza trinkoa aberastu dute.

Giltza, enplegua aktibatzeko programa, Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafar Lansare- Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez antolatzen du. Gaur despedituko den edizioan Sakanako suspertzeko erronkari heldu dio. Zazpi pertsonek parte hartu dute programan. Joan den astean 20 orduko prestakuntza jaso zuten, aurrez-aurre eta telematikoki. Talde lanean aritu behar izan dute ikasleek egiteko jakin bat izan dute: ekimenak prestatzea Sakana bizileku, ikasketa eta lantoki gisa nabarmentzeko.

Ikastaroaren helburua izan da ekintzailetzaren eta talde-lanaren bidez gaitasun bigun deritzenak garatzea. Horretarako, ikasleak lantaldetan aritu dira lanean. Haietan beraien ezagutzak eta trebetasunak erabili behar izan dituzte, lan-arloan aritzeko hain beharrezkoak diren horiek.

Programaren akaberan ikasleak “huertika” proposamena aurkeztu zuten, eskualdeko hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko. Zazpi ikasleek landu duten egitasmoa ezgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dago. Haiei baratzezaintzarekin loturiko prestakuntza ematea proposatzen dute, ondoren  ekoiztutako produktuak Sakanako establezimenduetan saltzeko. Bestalde, Sakanaren zerbitzuen eta merkataritzaren erakargarritasuna baloratzeko erronka jarri zioten zazpikoteari. Eta hortik sortu zuten “Skana, Bizitzen, Intensamente” proposamena. Ikasleek marka bakarreko turismo eskaintza proposatu dute. Haren baitan jasoak daude sukaldaritza, merkataritza, ostalaritza eta ostatua, beti ere, iraunkortasuna, erantzukizuna eta landa-munduarekiko hurbiltasuna ardatz hartuta.

Parte-hartzaileez eta laguntzaileez 
Iruñeko eta Doneztebeko programak gazteei zuzenduta bazeuden, Altsasukoan hainbat profiletako  ikasleak hautatu zituzten, bai adin aldetik (3 heldu eta 4 gazte), bai okupazioaren aldetik. Izan ere, prestakuntza bukatu duten pertsona helduetako bik negozio bat dute eskualdean. Ikasleek balorazio inkestan nabarmendu dutenak dira: profilen nahasketak lortutako aberastasuna, eginez ikastearen baliagarritasuna eta norberaren trebetasunak proiektatzea eta autoezagutzaren hobekuntza.

Programa Altsasuko Enplegu Agentziak antolatu du, Sakana Lanbide Heziketa institutuarekin eta Emplea fundazioarekin batera, eta Altsasuko Udalaren eta Altsasuko Dendarien Elkartearen laguntza izan du.