Etxeberri eta Lekunberri lotuko lituzkeen gasbidea Aralar mendian barna egiteko proiektua sustatu du Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez. Aralarko eta Larraungo udalek eta egitasmoak ikututako kontzejuek, Etxeberrikoa, Egiarretakoa eta Etxarrengoa barne, gasbide proiektuak beste trazadura bat izatearen alde daude. Baita hainbat herritar ere. Kaltetuek erakunde eskudunei eskatu diete egungo administrazio-prozesuetan luzamendu bat egiteko, trazadura berriz aztertzeko, eta informaziorako eta partaidetzarako bide zabal eta gardenagoak irekitzeko. Bitartean bi udalek auzitegira jo dute.
Aralar Zaindu dezagun! Gasbidea hemendik ez! plataforma sortu da eta hark deituta, gasbide proiektuak izanen duen ibilbidearen zati bat ezagutzeko aukera izan zuten 80 ibiltarik atzo. Madoztik abiatu, Oderiztik eta Astiz pasa ondoren turismo eta zientzia erakarpen handia duten Mendukillo kobetan bukatu zen martxa. Ibilbidean oinezkoek hainbat gidariren gasbideari buruzko azalpenak entzun zituzten.
Plataformako kideek azaldu dutenez, “ibiltariek ekidin nahi diren kalte larriak egiaztatu zituzten”. Bi arlo nabarmendu zituzten, alde batetik, natur-ingurunean sortutako eraginak: akuiferoak, iturburuak, leizeak, baso-masa zabalak, paisaiak… Eta, bestetik, kultura-ondarean izan ditzakeen ondorioak, esaterako, monumentu megalitikoetan. Gaineratu zutenez, “ondare hori erakunde publikoen laguntzarekin aitortu, babestu eta balioztatu da, haren zaintza sustatzeko”.