Pilota

Joanes Bakaikoa Lau eta Erdikotik kanpo

Guaixe 2020ko aza. 30a, 11:50

Aurrelari etxarriarrak atariko partida jokatu zuen Zubizarreta III.aren kontra eta 14 eta 22 galdu zuen

Ostiralean Joanes Bakaikoak eta Zubizarreta III.ak Lau eta Erdiko Txapelketako atarikoa jokatu zuten Bergaran. Ataundarra indartsu hasi zen: 0 eta 4 eta 4 eta 11 aurreratu zen, eta lortutako abantaila hori ongi kudeatzen jakin zuen. Etxarri Aranazkoa, aldiz, ez zen fin ibili eta 14 eta 22 galdu zuen Zubizarretaren kontra. Bakaikoak partida bukaeran azaldu zuenez, Buruz Burukoan Erik Jakaren kontra jokatu eta gero ez da behar bezala ibili, eta Lau eta Erdiko atarikoan parte hartzeari edo ez ere bueltak eman zizkiola gaineratu zuen. “Ez dago aitzakiarik, Zubizarretak irabazi du, baina ez nago nire hoberenean” aitortu zuen. 

Binakako finalerdia prestatzeko bidean, Ezkurdiak eta Martijak garaipen polita lortu zuten Artolaren eta Imazen kontra
Ostiralean, abenduaren 4an, Binakako Pilota Txapelketako finalerdia jokatuko dute Ezkurdiak eta Martijak Agirreren eta Albisuren kontra. Partida prestatzen buru belarri dabiltza pilotari sakandarrak, eta ostiralean Artolaren eta Imazen kontra partida jokatu zuten Bergaran. Partida oso lehiatuan, ongi ibili ziren sakandarrak eta 22 eta 16 gailendu ziren, finalerdietara konfiantzarekin iristea ahalbideratuko diena.