Aizkora

Iban Resano eta Goizeder Beltza ongi Euskadiko Aizkora Txapelketan

Guaixe 2020ko abe. 3a, 10:10
Goizeder Beltza igandean Bastidan, 3. mailako finalean lanean. Argazkiak: Egur Sport.

Euskadiko 2. mailako finalean Iban Resano laugarren sailkatu zen eta 3. mailako finalean Goizeder Beltza ere laugarren

Bastidak Euskadiko 2. eta 3. mailako Aizkora Txapelketen finalak hartu zituen igandean. 2. mailako finalean zazpi aizkolari lehiatu ziren, tartean Iban Resano dorrobarra, eta bakoitzak sei pago enbor erdibitu behar izan zituen, 2 kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Lehia oso estua izan zen eta Oier Kañamares nafarra izan zen txapelduna, meritu handiz (23:38), Jose Mari Txapartegiri 41 segundo aterata (24:19). Hirugarren postua eskuratzeko lehia oso borrokatua izan zen eta Hodei Ezpeletak lortu zuen podiumera igotzea (25:09), laugarren sailkatu zen Iban Resano dorrobarrari 4 segundo eskas atera eta gero (25:13). Beraz, lau segundok ekidin zuten Resanok podiuma zapatzea. 

Bestalde, Euskadiko 3. mailako Aizkora Txapelketako finalean zortzi aizkolari lehiatu ziren, Goizeder Beltza Igoa etxarriarra artean. Kasu honetan aizkolari bakoitzak bost pago enbor moztu behar zituen, 3 kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Julen Aranberri aizkolaria 13. minutuan erretiratu behar izan zen, mina hartuta. Alvaro Garcia segoviarrak lan itzela egin zuen eta berak jantzi zuen txapela (14:38) Julen Olanori 24 segundo atera eta gero (15:02). Unai Otaegi sailkatu zen hirugarren (16:44) eta Goizeder Beltza laugarren (17:21).