Eusko Alderdi Jeltzaleak bere herrialdeetako karguak berritzeko prozesua larunbatean despeditu zuen. Nafarroako EAJk Unai Hualde Iglesias altsasuarra berraukeratu du presidente gisa. Hualdek ardura politikoa Nafarroako Parlamentuko presidentetzarekin bateratuko du, orain arte bezala. Jeltzale nafarren zuzendaritzarako berraukeratua izan da ere Javier Ollo Martinez, Altsasuko alkatea.
EAJren Nafarroako presidentea “harro eta pozarren” agertu zen alderdikideek bidelagun izateko aukeratu dituzten burukideekin: “gaitasun egiaztatua eta konpromisoa erakutsi duten hamar pertsona dira, gure Erkidegoko eskualde desberdinetatik datozenak, herrialde honetan inoiz izan dugun Napar Buru Batzarrik gazteena, euskaldunena eta berdintzaileena osatuko dutenak”. Aukeratutako Napar Buru Batzarra parekidea baita.
Hualdek argi du. “orain gure lehentasuna dela Covid-19aren ondorioz bizitzea tokatu zaigun garai latzari politikatik erantzutea. EAJtik hala egiten ari gara parte hartzen dugun erakundeetatik, proposamenekin, akordioekin, dagokigun lana eginez eta gure bizitzarako funtsezko jo ditzakegun zerbitzu publikoak indartzen jarraituz”. Hualdek gaineratu duenez, “pandemiak eskatzen du kargu publikoak eta ordezkari politikoak egoerak eskatzen duen mailan izatea, lanerako gaitasunarekin eta etorkizunerako ikuspegiarekin; garai gogorrak datozkigu osasun arloan eta arlo ekonomikoan, Nafarroaren alde eta Nafarroarentzat lan egiteko gogoa duen jendea behar dugu, eta Napar Buru Batzar hau horretarako prest dago”.
2020-2024 epealdira begira
Hualdek lan eginen du “EAJ indartzeko borondate irmoarekin, Geroa Bai indartzeko bermerik onena baita, duela bost urte Nafarroan aldaketa sozial eta politiko bat gauzatu zuen eragile politiko nagusia den aldetik, bizikidetza aurrerakoi eta anitza oinarri hartuta. 2020an igarotzen ari garen bidea, hain zuzen ere”. Hualderen esanetan, “EAJk apustu ukaezina egin du Nafarroan, lehenik Nafarroa Bai koalizioaren alde, eta, ondoren, Geroa Bai koalizioaren alde, azken urteotan erkidego honetan gertatu den aldaketa politiko eta sozialerako ezinbesteko proiektu politikoa eratu baitute. 2020-2024 bitartean koalizio anitz, euskaltzale, abertzale eta aurrerakoi honen ezaugarriak aldarrikatzen jarraituko dugu”.
Hualdek azpimarratu duenez, EAJ 110 urteko historia duen alderdi nafarra da, eta “herrialde honekin konprometituta dago bere sorreratik, bere jende eta beharrekin; esperientziarekin eta lan egiteko gaitasunarekin, eta hori argi eta garbi ikusi da azken urteotan”. Napar Burubatzarreko presidenteak gaineratu duenez, “Nafarroan 2015ean hasitako bidetik jarraituko dugu, desberdinen artean abian jarri zen akordioen politika sendotzeko lanean jarraituko dugu, bizikidetzaren eta bazterkeriarik ezaren alde eginez, erakundeetan zein haietatik kanpo, betiere zerbitzu publikoak, euskara eta gure autogobernua zainduz ikuspegi sozial eta oinarri europazale sakonekin”, adierazi du NBBko presidenteak.
Era berean, 2020-2024 epealdi berrira begira NBBk burukide berrien eta gainerako alderdikide eta jarraitzaileen arteko elkarlanean sakonduko du, baita lehentasunezko gaietan prestakuntza eta espezializazioan ere: berdintasuna, antolaketa eta alderdikidetza, komunikazioa, hausnarketa politiko eta kulturalerako espazioak, udal-ekintza, gazteria eta abar.
Hualdez
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua, ondoren Langileen Zuzendaritza Masterra egin zuen. Enpresa pribatuan lege aholkulari gisa lanean aritu zen. 1999an, 23 urte zituela, EAJko kide egin zen. 2003ko hauteskundeetan Altsasuko Taldearen zerrendatan aurkeztu eta zinegotzi aukeratu zuten. 2007 eta 2011 urteen artean Altsasuko alkate-ordea izan zen eta 2011tik 2015era Nafarroa Bai koalizioko zerrenda buru gisa herriko alkate izan zen. 2015eko udal hauteskundeetan Geroa Baiko Javier Ollo Martinezek eskuratu zuen alkatetza. Zerrenda berean zegoen Hualde zinegotzi aukeratu zuten. Hauteskundeetan Nafarroako parlamentari ere aukeratu zuten eta bi karguak 2016ko otsailera arte bateratu zituen. Orduan udala utzi eta parlamentuko jardunean zentratu zen. Gainera, Nafarroako Parlamentuko lehen Presidenteordea zen. Legegintzaldi honetan, berriz, Parlamentuko Presidentea da eta hainbat batzordetan Geroa Bai koalizioaren bozeramailea ere.
Altsasuarra 2004tik da Nafarroako burukidea. 2015ko garila eta 2016ko ilbeltza bitartean Napar Buru Batzarreko jarduneko presidentea izan zen, Manu Aierdik Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ardura hartu baitzuen. 2016ko ilbeltzean EAJk egindako barne prozesuan Hualde jeltzale nafarren buru aukeratu zuten. Eta larunbatean karguan berretsi zuten.
Hualdek argi izan du eta du “nafarrek herrialdearekin harreman zuzena izango duten kargudunak nahi dituela, toki mailako ikuskerarekin, beren udalerriak, ibarrak, eta herrialde osoa ezagutuko dutenak, gaurko eta biharko erronkei aurre egiteko behar diren gakoak argi izanen dituzten pertsonak, asko baitira”.