Euskararen egunaren harira antzerki zikloa antolatu du Euskarabideak

Guaixe 2020ko abe. 2a, 10:30
Itzal magoa Irurtzunen egonen da. ITZAL MAGOA

Bihar Euskararen Eguna izanen da, eta Nafarroako Gobernuak hainbat ekimen antolatu ditu. Besteak beste, antzerki zikloa antolatu du: Eva Azpilikueta altsasuarrak eta Zirika Zirkus irintarrak parte hartuko dute. Gainera, Irurtzunen Itzal magoa izanen da. 

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarten Eguna izendatu zuten 1949. urtean. Aurten Euskarabideak Ahogozatu euskara sentsibilizazio kanpaina abian jarri du. Horrekin batera haur eta gazteei bideratutako antzerki ziklo bat antolatu du. Bederatzi herritan egonen da hiru emanaldiekin: Yarleku antzerki konpainiaren Numenak, Zirika Zirkusen Berrerabizi eta Itzal magoaren Magiazko Lotura 2.0 ikuskizuna. 

Eva Azpilikueta aktore altsasuarra Yarleku antzerki konpainiaren kide da, eta Antsoainen (etzi, ostirala, 18:00etan), Auritzen (igandean, 17:30ean) eta Lizarran (12an, 17:00etan) egonen da Numenak ikuskizunarekin. Zirika Zirkus Irañetako antzerki-zirko konpainiak Berrerabizi ikuskizuna mustu zuen herrian, eta ordutik herri askotan aurkeztu dute. Euskararen egunaren harira Villatuertan (larunbatean, 18:00etan), Lodosan, (8an, 18;00etan) eta Agoitzen (13an, 18:00etan) izanen da. 

Euskararen eguneko antzerki zikloarekin amaitzeko, Itzal Magoak Magiazko lotura 2.0 ikuskizuna eginen du Irurtzunen, abenduaren 13an, igandea, 17:30ean, kultur etxean. Aurretik Ariben (bihar, 17:30ean) eta Orkoienen (11n, 18:00etan) egonen da. 

Emanaldi guztiak doakoak dira.