Pilota

Ezkurdiak Lau eta Erdiko txapela defendatuko du

Guaixe 2020ko abe. 1a, 15:02

Bilbon egin dute 2020ko Lau eta Erdiko Txapelketako aurkezpena. Argazkia: Aspe.

Asteburuan hasiko da kaiolako txapelketa eta Joseba Ezkurdia izango da ordezkari sakandar bakarra. Finala abenduaren 27an jokatuko da eta pilotariek botilleroaren laguntza izango dute partida guztietan

Gaur aurkeztu dute Eusko Label Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa, Bilbon. Txapelketa asteburu honetan hasiko da eta abenduaren 27an despedituko da, Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalean. 12 pilotari lehiatuko dira, sakandar bakarra, egungo txapeldun Joseba Ezkurdia, hain zuzen ere. Ezkurdia izanen da talde buruetako bat, Jaka, Altuna III.a eta Urrutikoetxea pilotariekin batera. 

Txapelketa bizi dugun egoera nahasi honetara egokitu behar izan da, eta Buruz Burukoan erabilitako lehiaketa sistema bera erabiliko dute: txapelketa azkarra, azken urteetan izandako ligaxka alboratuz. 

Asteburu honetan final zortzirenak jokatuko dira. Larunbatean jardunaldi bikoitza hartuko du Azkoitiak: Artolak Peña izango du aurkari eta Elezkano II.ak Zubizarreta. Igandean, Eibarren, beste bi partida jokatuko dira: Agirrek Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du, lehenik, eta Bengoetxea VI.ak Irribarriaren kontra, bigarrenik. Garaileek Ezkurdia, Jaka, Altuna III.a eta Urrutikoetxea izango dituzte zain final laurdenetan. 

Joseba Ezkurdiak aitortu zuen Lau eta Erdian Aritzeko gogotsu dagoela, baina burua Binakako finalerdietan duela. “Aukera ederra dugu” adierazi zuen. Buruz Buruko egurra ahaztu du arbizuarrak. “Aste gogorrak pasa ditut, baina adoretsu ikusten dut neure burua, jakinda aurretik egun zailak ditugula, egun arraroak: Binakako finalerdia, eta gero entrenatu gabe Lau eta Erdikoari ekin behar. Baina ilusio handiarekin” azaldu zuen. 

Botilleroa
Aipatzekoa da pilotariek botilleroaren laguntza izan ahalko dutela txapelketako partida guztietan, aurkaria enpresa berekoa edo desberdinekoa izan. Hala ere, nahitaez, botilleroa enpresako teknikari edo kirolari bat izan beharko da.