Areto futbola

Tatono Arregik publikoaren buelta eskatu du

Guaixe 2020ko abe. 3a, 09:30
Tatono Arregi, artxiboko irudian.

Asteburuan futbol, areto futbol eta saskibaloiko zelaietan ekimenak burutu ziren, Nafarroako Gobernuari partidetara ikusleen buelta eskatzeko

Asteburuan makina bat protesta ekitaldi izan dira futbol zelaietan, saskibaloi aretoetan, eskubaloi aretoetan eta areto futbol aretoetan. Ekimen horiekin Nafarroako Gobernuari eskatu nahi izan zaio kirol partidetara publikoaren buelta baimendu dezala. Ez dute ulertzen kultur ekitaldietan edo bestelako ekitaldietan publikoa egon ahal izatea, beharrezko eduki muga eta distantziekin eta kirol ekitaldietan, aldiz, ez. Eta hori diskriminatzailea dela uste dute. 

Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregi irurtzundarra Anaitasunako kantxara atera zen aurreko ostiralean, talde berdearen eta Cordobaren arteko partida hastear zegoela. Mikrofonoa eskutan, kantxara publikoaren buelta eskatu zuen. “Edozein motako kultur ekitaldi batek publikoa izan dezake, aurretik zehaztutako protokoloa betetzen badu. Aldiz, kirolaren kasuan hau ez da gertatzen. Ez digute publikorik izaten uzten, nahiz eta ekitaldiak toki edo instalazio berdinetan izan. Anaitasuna pabilioian kultur ekitaldi bat balego, 600 pertsona sartu ahalko lirateke, osasun neurriak beteaz, baina areto futbol partida bat ateak itxita jokatu behar da. Hori ez da justua. Guk eskubide berberak izatea eskatzen dugu, une honetan kirola diskriminatzen ari direlako” salatu zuen.

Ikusleak kirolaren alde oso garrantzitsua direla nabarmendu zuen Tatono Arregik. “Kirol partidak ikustea doan jendea arduratsua da. Gu gara zehaztutako protokoloak betetzen interes gehiena dugunak, jakitun garelako gizartea zein egoeran gauden. Kirola osasuna da, ongizatea. Ezin dena da kultur ekitaldiei ikusleak izaten uztea eta kirolei ez. Kirola gutxiesten ari dira, eta hori ez da justua” nabarmendu zuen. 

Halaber, partidak publikorik gabe jokatzeak klubari kalte ekonomiko handiak ekarri dizkiola nabarmendu zuen Arregik, “bazkideak guretako diru sarreren %14 direlako. Alde ekonomikotik begira, ederki estutzen ari gaituzte” aitortu zuen.