Atletismoa

Israel Arbizuren podiuma Los Arcosko Zirkuituan

Guaixe 2020ko abe. 7a, 11:00
Argazkia: @itzalak_photography

Etxarriarra hirugarren sailkatu zen Nafarroako 5 km-ko Txapelketa herrikoian. Nafarroako Emakumezkoen txapelketan Izaskun Beunza laugarren sailkatu zen eta Nafarroako Gizonezkoen Txapelketan Asier Estarriaga izan zen lehen sakandarra

Igandean motor hotsak ez, arnas hatsak entzun ziren Los Arcosko Nafarroako Zirkuituan. Nafarroako 5 Kilometroko Txapelketa jokatu zen, Larrabideko atletismo probak kontuan hartu gabe, martxoaren ondotik jokatutako lehen lasterketak. 149 korrikalarik hartu zuten parte, osasun neurri zorrotzak betez. 
Nafarroako 5 km-ko Gizonezkoen Txapelketan Iker Digesek garaipena lortu zuen (15:09). Asier Estarriaga etxarriarra izan zen lehen sakandarra, 24. postuan sailkatu eta gero (16:31). Iraitz Senar lakuntzarra 29. postuan sailkatu zen (16:42) eta Mikel Berdud altsasuarra 38. postuan (17:19). Gizonezkoen B mailan Unai Perez gailendu zen (16:36) eta Isidro Asurabarrena altsasuarra 22. postuan sartu zen (19:02).

Beunza podiuma zapatzear
Emakumezkoen Nafarroako Txapelketan Alicia Carrera izan zen txapelduna (17:41). Izaskun Beunza olaztiarra 4. postuan sailkatu zen (18:22), podiumera igotzeko 12 segundo eskasera. Lan polita egin zuen ere Leire Estarriagak. Etxarriarra 12. postuan sailkatu zen (19:17).

Israel Arbizu “oso kontentu” 
Aurrekoekin batera, Nafarroako 5 km-ko Lasterketa Herrikoia jokatu zen. Abdelkader Algham eguneko sorpresa izan zen, lasterketa herrikoia nagusitasun handiz irabazteaz gain, eguneko denborarik onena egin zuelako (14:54). Bigarren Xabi Arteaga sailkatu zen (16:11) eta hirugarren Israel Arbizu etxarriarra (16:23). Gainontzeko sakandarrek ere lan ona egin zuten: Ivan Sobredo altsasuarra 8. postuan sailkatu zen (16:58), Sergio Garcia altsasuarra 11. postuan (17:13), Adur Senar lakuntzarra 13. postuan (17:24) eta Juan Luis Maiza etxarriarra 26. postuan (19:08).

Israel Arbizuk azaldu du “oso kontentu" dagoela egindako lanarekin. "Hasieratik argi nuen nork irabazi behar zuen, Alghamek, eta horregatik nire helburua aurrean egotea edo podiumean sartzea izan zen. Xabi Arteaga nire taldekidearekin egin nuen lasterketa osoa. Lehendabiziko bueltan nik tiratu nuen eta bigarrenean berak. Talde lan ona egin genuen eta podiumean egotea lortu genuen biok” adierazi du Israelek.

Gustura dago etxarriarra. “Denbora asko neraman lasterketa batean korrika egin gabe, eta postua baino, egin nuen denbora da ona niretako” azaldu du. Israel Arbizu ez dago federatuta, eta horregatik ezin izan zuen Nafarroako Txapelketan parte hartu, proba herrikoian aritu behar izan zuen. “Oraindik federatuta ez egotea pena izan da; Gizonezkoen Txapelketan denbora hobetu ahalko nuela uste dut, baina badago horretarako denbora” gaineratu du.