Hizkuntza eskubideak errespetatuak izateko langile elebidunak

Guaixe 2020ko abe. 3a, 14:54
Aitor Elexpuru, Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea, Nafarroako Parlamentuan.

UEMAk eragozpenak dituzten lanpostuen azterketa eginda, lehentasunezkotzat jo ditu honako arloetako lanpostuak: osasun arlokoak, liburuzainak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak, mendizainak, foruzainak. Baita Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoak ere.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakari Iraitz Lazkano eta Aitor Elexpuru, Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea, Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako batzordean izan ziren atzo. Agerraldian, besteak beste, eremu euskaldunetako lanpostuetan eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea eskatu zuten atzera ere, herritarrek langile publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubidea berariaz bermatu dadin eremu euskaldunetan

UEMAko ordezkariek eskaerak eta proposamenak egin zituzten Nafarroako Parlamentuan. Osasun arloari dagokionez, eremu euskalduneko osasun etxeetan, hizkuntza eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea (pediatrei, medikuei, larrialdi zerbitzuetako medikuei, eta jendaurrean lan egiten duten langileei). Eta behar bezalako zerbitzua emateko B2 maila nahikoa ez dela ikusirik, lanpostu horietan C1 maila eskatzea beharrezko jo zuten. Horiek kontutan izanik aurreikuspen plana egitea ezinbestekotzat jo zuten UEMAko kideek. Jakinarazi zutenez, Etxarri Aranazko osasun etxeko lau familia medikuetatik bi plazek ez dute hizkuntza eskakizunik. Arbizun zerbitzu elebiduna bermatuta dago, baina Etxarri Aranazko osasun etxean ez. Pediatria plaza mediku bat elebakar batek betea duela ere gaztigatu zuten. Irurtzunen gauza bera gertatzen da pediatrarekin. 

Bestelako zerbitzuei dagokienez, hau da, liburuzainak, mendizainak, Nafar Lansare, foruzainak… eskaera bera errepikatu zuten: eremu euskalduneko lanpostuetarako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea, lehentasuna emanez jendaurreko lanpostuei, herritarrekin harreman zuzena dutenei. “Lanpostu horietarako eskatu beharreko maila lanpostuaren zereginak betetzeko modukoa izan dadila”. Aldi berean, hizkuntza-paisaia, informazio-orriak, aipuak, inprimakiak, webguneetako edukiak, SMS mezuetan eta bestelakoetan euskararen aldeko pausoak ematea eskatu zuten. Eta administrazioaren baitan zirkuitu elebidunak sortzea, arreta osoa elebiduna izan dadin bermatzea.

Azkenik, Nafarroako Gobernuaren Egoitza Elektronikoaren bidez herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoak bi hizkuntza ofizialetan egiteko aukera bermatzea eskatu zuten. Gainera, administrazio publikoaren katalogoaren bidez egin daitezkeen tramiteak bi hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko aukera bermatzea exijitu zuten.