De Bellis Antiquitatis edo DBA gisa ezagutzen dena, miniaturaz osatutako joko historikoa da. Kostatu zitzaigun ongi jolasten ikastea baina momentu honetan nahiko trebeak garela esan daiteke. Izan ere, txapelketa dezente guk antolatu izan ditugu edo mugitu izan gara beste batzuetan parte hartzeko.
DBA jokoari dagokion arau-liburuxka Wargames Research Group-ek sortu zuen Ingalaterran 1990. urtean. 30 urte pasa dira DBA 1.0 atera zutenetik eta hainbat aldaketa izan ditu. Aldaketa horiek, beste joko askotan ez bezala, ez dituzte dirua irabazteko helburuarekin egin, jokoa hobetzeko baizik, enpresak ez baitu miniaturarik saltzen. DBA arau-liburuxkak 250 armadaren inguruko informazioa biltzeaz aparte, arauak ere jasotzen ditu. Oso modu egokian balioesten dugu DBA jokoa. Batetik, ez delako gauza handirik behar eta bestetik, armadak, beste joko batzuekin alderatuz, merkeak direlako.
Joko honetan, Antzina Arotik (K.A. 3000.urtetik) Erdi Arora (K.O. 1485.urtera arte) mundu mailan existitutako armada guztiak agertzen dira. Naparroi ere liburuxka horretan lekutxo bat egin digute eta egia esan, biziki pozten gara, oso garrantzitsua ikusten dugulako gure armadaren presentzia. Gainera, deigarria da zenbateraino sakontzen duen armada bakoitzari buruz ematen duen informazioan orrialde edota esaldi gutxi erabiliz. Benetan ikerketa lan handiak egin behar izan dituzte.
Bi jokalarientzako wargamea da hau. Bakoitzak, liburuxkatik armada bat aukeratu behar du eta 60cm x 60cm-ko taulan bi jokalariek bata bestearen aurka borroka egiten dute. Armada bakoitzak 12 "plaketa" dauzka. Plaketa horiek mugitzeko, erregela berezi batzuk erabiltzen dira eta borrokak burutzeko, dadoak. Helburua, aurkariaren armadari 4 plaketa "jatea" da. 4 plaketa jaten dituen lehendabiziko jokalaria irabazlea izango da. Partidak oso arinak izaten dira, gehienetan 45 minutura ez baitira iristen.
Bele Beltzak taldetik gonbita luzatu nahi dizuegu DBA ezagutu eta trebatu nahi duzuen sankandar guztioi.