Ostalaritza sektoreko langileak abenduaren 17a egutegian markatuta dute. Pandemiaren eragina txikitzeko hartutako neurriak biltzen dituen Foru Aginduaren indarraldia egun horretan bukatzen da. Lastailaren 22tik itxita daude ostalaritza establezimendu asko. Batzuek egun horretatik jatekoa etxera eramateko zerbitzua eskaini dute eta azaroaren 26tik terrazak irekita dituzte. Neurri horrekin establezimendu gehiagok bat egin dute, baina eguraldi iragarpena ikusita taberna itxita hobe duela pentsatzen duenik ere bada. Testuinguru horretan gremioaren iritzia jaso nahi izan dugu.
Anabel Arraizak Lakuntzako Tximonena taberna jatetxea itxita du: “ostatu batek itxia izateak galera batzuk ditu, kontuak egin ditugu eta galerak handiagoak izan daitezke”. Migel Angel Mendinuetak Lizarragako Bargazpi taberna ere itxita du: “jatekoak kanpora eramateko begira egon ginen, baina ezetz pentsatu genuen; langileren bat aldi baterako lan erregulazio espedientetik (ABEE) atera behar zelako. Eta jasotzen dugun laguntza “miserable” hori kenduko ligukete. Ez du merezi eta itxita dugu taberna. Eta Lizarragak dauzkan biztanleekin terraza ezin da aurrera atera”.
Irurtzungo Pikuxar euskal txokoaren ateak itxita opatuko ditu bezeroak. Elkarteko bazkide Urko Mauduitek esan duenez, “ying eta yang, bi fronte nahiko berezi ditugu gure elkartean. Batetik, Pikuxar taberna dugu, eta langileak ABEEn daude. Terraza txikia dugunez ez du taberna zabaltzea merezi. Denboralea pasatzeko zain gaude. Bestetik, Pikuberri elkarte berria egiteko lanak egiten ari gara. Biak garrantzitsuak dira elkarteak orain hartu beharreko erabakietan, eta oreka hori mantendu behar dugu, batak bestea osatu”. Mauduitek gaineratu duenez, “elkartea da arduraduna. Horregatik, langileen lan ordua guztiak ordaindu behar dira. Horrek esan nahi du ezin dugula taberna nola nahi zabaldu, kaxarik ez badago gure buruaren kaltetan ariko gara”.
Altsasuko Arkangoa tabernako Rafa Artetak, berriz, “itxita baino, uzten diguten gutxi hori hartzea hobe dela” baloratu zuen, eta jatekoak eramateko zerbitzatu ditu hasieratik eta terraza zabalik du. Azken hori 20 edo 24 pertsonekin betetzen zaio. “Ezin dugu gehiago zerbitzatu. Jendeak eserita daudenak mugitzera itxaron behar du. Emaitza ekonomikoa oso pobrea da, baina edozer gauza itxita egotea baino”.
Guztiak Nafarroako Gobernuak abenduaren 17rako zer arautuko duen zain daude. Ostalaritza sektorea foru administrazioarekin bildu da, baina Mendinuetak azaldu duenez, “ez dute esaten %30eko, %50eko edo %70eko edukierarekin zabalduko dugun. Ezer ez dakigu”. Sentipen hori berretsi du Arraizak: “16ra arte ez dugu jakiterik zein egoeratan egongo garen: ez irekitzen utziko digutenik, hau da, jendea taberna barrura sartzen dagozkion murrizketekin, eta zer eskatuko diguten hori hala izateko ere bai”. Lakuntzarra kexu da administrazioak zuzenean ez dituelako informatzen, “adi gaudelako dakizkigu gauzak. Zuzenean etortzen direnak debekuak dira, horiek bai”.
Taberna barruak irekitzeko baimena ematean Pikuxar ateak zabaltzen saiatuko dela aurreratu du Mauduitek. Arteta “zabaltzeko esperoan” dago, “bezeroei zerbitzu zabalagoa eta egokiagoa emateko, ez egun eman ahal diegun zerbitzu prekario eta urria, eta, bestetik, langileak ABEEtik ateratzeko”.
Altsasuarrak zumalakarregi plazako terraza batean. Artxiboa
Langileak eta laguntzak
Erregulazio espedienteak egin behar izan dituzte guztiek. Bargazpiren kasuan hiru langile dira. Arkangoako Artetak azaldu duenez, sukaldeko langile bat eta zerbitzari bat ABEEtik aterako ditu, “ostiral eta larunbatetan bereziki, beharra dudalako”. Baina tabernen irekierari buruzko “erabaki ofizialik” ez dagoenez, altsasuarrak “pixkanaka” hastea erabaki du. Tximonenako Arraizak azaldu duenez, haien lau langileak espedientepean daude. Pikuxar elkarteak taberna kudeatzeko lau langile ditu, eta guztiei espedientea ezarri diete. “Horrek ahalmena ematen digu taberna gutxieneko batzuetan mantentzeko, aurre egin ahal diogun gastu batean egoteko. Hau da, alokairua eta gastu minimo batzuk ordaintzeko”.
Laguntzen inguruan galdetuta, Mendinuetak esan digu bera eta bikotekideak jasotzen dutela. “Baina dirulaguntza barregarria da; lehengoa gutxi zen baina oraingoa lotsagarria. 400 euro eskaseko laguntza ematen dizute. Eta gastuek ez dute barkatzen, dena etortzen zaizu: BEZa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga… dena etortzen zaizu”. Arraizak gaztigatu duenez, “langileek daukaten laguntza hori nik ezin dut jaso, laguntzarik gabe nago. Autonomo bezala badago laguntza bat eskatzea, baina nire kasuan, taberna eta jatetxe bezala izena emana daukat ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ), baina beste EJZ batean ere izena emana daukat, nik beste lan batzuk egin izan ditudalako. Eta hori niri gobernuak ez dit galarazi. Horrek esan nahi du ezin didatela ostalaritzaren laguntzarik eman, nik lan egiteko aukera dudalako, nahiz eta lanik ez izan”.
Irurtzundarrari iruditzen zaio “ostalaritza nahiko gaizki tratatua” izan dela. “Batetik, enpresariei irtenbideak ematen dizkiete, espedientea ezartzea, esaterako. Horrek langileriaren soldatak eta Gizarte Segurantza ordaintzea bermatzen du. Ez dago gaizki, gutxieneko bat da. Baina alokairuaren inguruan administrazioak ez du ezer jaso. Gu saiatu gara erdia eta erdia egiten, baina horretarako ere negoziazio asko egin behar izan ditugu. Egia esan, gogorra da”. Arteta dirulaguntzak jasotzeko esperoan dago. “Nire kasuan, zailtasun gehiago laguntzak baino. Dirulaguntzak jaso ahal izateko betebeharren eta eskakizunen letra txikia oso txikia da. Eta eskaerak harrigarriak dira: interesak, karga tasak, ez dagozkizun ordainketak… Ikusgarria. Laguntza emanen dutela esaten dute ahoa zabal zabalik dutela, baina laguntza gutxi ari gara jasotzen, eta oso informazio gutxi”.
Bezeroak
Arraizak aitortu du “babes handia” izan dutela, bai lakuntzarrena baita ez direnena ere. “Ikaragarri eskertzen dugu. Zeren jendea ohartu da oso egoera zailean gaudela, enpatia hori ikusten eta sentitzen dugu eta eskertu nahi dugu, jasotzen ari garen keinuak izugarriak direlako”. Lizarragatarrari denak galdetzen diote taberna noiz zabalduko duen. “Larunbat honetarako Etxarri Aranazko kintadetako bazkariak hartuta geneuzkan. Beste bazkari batzuk ere. Denak atzera bota ditugu. Eta ez dakigu noiz zabaldu behar dugun”.
Pikuxarreko bezeroak taberna itxita dagoelako “penatuta” daude. Mauduitek azaldu duenez, elkartekideak “etorkizun hurbilera” begira daude, hau da, eraikitzen ari diren elkarte eta taberna berrira: Pikuberri. “Pikuxar, ez dugu baztertuko, eta Pikuberri zabaldu bitartean Pikuxarren ahalik eta zerbitzu hoberena ematen saiatuko gara, baina erotu gabe, hurrengoa pausu oso polita delako”. Egoitza berriko lanak aurreikusi bezala egiten ari dira, barruko lanak despedituta, fatxadan daude lanean, eta lizentziak eskatzen hastea pentsatzen ari dira. “Ilusio guztia jarri dugu eta nabaritzen da”. Hala ere, elkartekideek “irakurketa bat egin beharko dugu. Lehen parranda asko egiten ziren, pandemiarekin orain ezin dira parrandak egin, eta orduan gure negozioa ere aldatu egin beharko dugu, garai berri hauetara egokitzeko”. Pikuxar ahalik eta azkarren zabaldu nahiko lukete. Baita egoitza batetik besterako trantsizioa ahalik eta lasaiena izatea ere.
Artetak esan duenez “bezeroak oso jator daude, 12ko nota jarriko nieke. Esaten diezuna errespetatzen dute, zerbitzatu ezin diezunean ulertzen dute eta lasai-lasai doaz... Jendeak ostalaritza lagundu nahi du, eskaerak egiten dizkizu, etortzen dira… Ikusgarria izaten ari da. Ostalaritza jasaten ari den ekonomia egoera oso gogorra ari da izaten, eta eskertzekoa da”.