Lehendabiziko Euskaraldiarekin gure artean belarriprest eta ahobizi txapak egin ziren ezagunak. Bigarren Euskaraldian arigunea zer den ikasi dugu: euskaraz lasai hitz egiteko espazioak. Establezimendu batean barrura begira izan daiteke arigunea, lantegiko langileen artekoa, esaterako. Edo kanpora begirako arigunea, dendaria bezeroekin, adibidez. Sakanan 119 entitatek eman zuten izena arigune gisa eta haien baitan guztira 371 arigune sortu ziren.
COVID-19 gaitzak eragindako pandemiarekin arigune batzuetako arduradunek ezin izan dute Euskaraldian parte hartu, esate baterako, tabernak itxita egon direlako. Baina hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan parte hartzeko aukera izan dute bost arigunetako ordezkarien balorazioa jaso dugu.
Lekukotzak
Lorena Arangoa Zabaleta irurtzundarra Fruitis janari-dendako arduradunak azaldu duenez, “lau gaude lan egiten eta laurak ahobizi edo belarriprest izan gintezke. Horretara animatu gintuzten Euskaraldiko batzordekoek, eta baiezkoa eman genuen”. Arangoak ahobizi txapa du soinean. Rol bera hartu du Nerea Vizuete Fernandez iturmendiarrak, Vizu ile-apaindegiko nagusiak. Esan digunez, Euskaraldian arigune izatea “ideia ona iruditu zitzaidan. Zeren euskaraz asko-asko ez genuen hitz egiten, baina orain gero eta gehiago. Eta ile-apaindegira euskaraz egiten duen jendea etortzen denez, esan nuen: zergatik ez?”
Gaizkane Andueza Razkinek Ttantta zentroa kudeatzen du eta osteopatia, par biomagnetikoa, sendatze energetikoa eta halakoak eskaintzen ditu han. Ahobizi da. Bere atxikimenduaren zergatia halaxe azaldu digu: “Euskaraldiarekin bat egin nuen zentroa euskaraz hitz egin daitekeen espazio bat delako. Ni euskalduna naiz. Eta, egia esan, horrek bulkatzen du euskaldun gehiago zentrora erakartzeko”.
Uharte Arakilgo Rural Kutxako bulegoa arigune zergatik bihurtu zen azaldu digu Iñaki Lazkano Rosak: “Sakanan gure euskara indartzen jarraitu behar dugu. Irañetatik hasi eta Etxarri Aranatzeraino da gure bulegoko eskualdea, ez bakarrik Uharte Arakil. Euskaraz hitz egiten duen jende asko dago eta gure betiko hizkera izan da, nirea eta beste lankideena hala izan da, lehendabizi, behintzat, euskaraz. Eta esan genuen Euskaraldia aprobetxatu beharra zegoela. Eta arigune gisa izena eman genuen, euskararen aldeko gure alea jartzeko”.
Irune Ginea Zufiaurre altsasuarra Zangitu fanfarreako kidea da. Azaldu duenez, 15 bat kide dira. “Gehienak euskaldunak gara eta ez dakitenak, kasualitatez, ikasten ari dira. Beraz, modu batera edo bestera, denak euskarari lotuta gaude. Euskaraldian parte hartzea beharrezkoa ikusi genuen eta arigunea sortzea erabaki genuen gure artean euskaraz aritzeko. Baina fanfarrea kaleko taldea denez, jendeak gerturatu nahi badu eta euskaraz hitz egin, gu prest. Nik ahobizi txapa dut, eta gehienak hala dute. Ikasten daudenak belarriprest dira”.
Zergatiaz galdetuta, Lazkanok esan duenez, “gure asmoa zen ez bakarrik gure artean euskaraz hitz egitea, baizik eta etortzen den jendeari, lehendabizi behintzat, harrera euskaraz egitea. Eta zerbait baldin badaki segitzen saiatu, nahiz eta geldoago hitz egin-edo, baina euskarari pisu bat eman”. Vizuetek aitortu digunez, euskara gehiago hitz egiteko sortu zuen berean arigunea. Gauza bera esan du Arangoak, asmoa gauzatu dela gaineratuz. Anduezak, berriz, “zentroa euskararen erabilera bultzatzeko erabili” nahi izan du Euskaraldian.
Pozik
Lakuntzarrak azaldu du lanean euskaldunekin euskaraz hitz egiten duela, baina arigune izateak “lagundu dit euskaldun berriekin, ikasten ari direnekin, euskaraz gehiago hitz egiten; pixka bat haiei laguntzeko ere”. Lazkanok esan duenez, haiena esperientzia “polita” izan da, “benetan. Gustura gaude, zeren etortzen den jendeari lehenbizi euskaraz hitz egiten diogu, eta dakienak segitzen du. Ongi dago hiru lanpostuetan euskara lehen hitza delako”. Altsasuarrak ere esperientziaren “ederra” azpimarratu du: “ez gaude denen artean euskaraz hitz egitera ohituta. Batzuen artean bai, baina besteekin ez hainbeste eta ohitura horiek aldatzeko ongi etorri zaigu; polita izan da”.
Iturmendiarrak nahiko esperientzia ona izan dela esan du. “Nahiko kontentu nago. Askok ez dute hitz egiten, baina, orain, Euskaraldiarekin animatu dira. Jendeak euskara gehiago hitz egin duela nabaritu da. Jendeak txapa ikustean gehiago hitz egiten du”. Irurtzundarrak gaineratu duenez, “jendea pila animatu da. Nik betidanik ezagutzen dudan jendea, inoiz ez ditut euskaraz hitz egiten aditu, eta orain entzuten ari naiz. Batzuek euskara zekitenik ere ez nekien. Egia esan, oso pozik. Txapen eta mostradorean dugun ariguneko logotipoaren eragina nabari da, bai”.
Establezimenduek, besteak beste, hornitzaileekin eta administrazioarekin harremanak izaten dituzte. Arangoak ziurtatu duenez, “horretan ez dugu inoiz problemarik izan. Horretan aldaketa handirik ez dugu ikusi”. Vizuetek aitortu du berarengana joaten diren gehienak erdaldunak direla. Anduezak, azkenik, azaldu du saiatzen dela beti euskaraz dakien jendea bilatzen.
Aldaketarako tresna
Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa da eta elkarrizketatuek balio hori aitortu diote. Lazkano: “denoi pixka bat gogorarazteko, Euskaraldia sarriago egitea ona izanen litzateke. Jakin non gauden eta zer garen. Gure hizkuntza ez ahaztea eta zabaltzea. Nik uste komenigarria dela”. Vizuetek azaldu duenez, “ohiturak ditugu, eta gaztelaniaz hitz egitera ohitzen bazara… Pixka bat aldatu behar dugu. Pasa izan zait jendeak esatea: “ez genekien hainbeste euskara dakizula”. Niretako esperientzia ona izan da”.
Anduezak argitu duenez, berari “batez ere euskara ikasten ari direnekin aritzeko balio izan dit. Guk kontzientzia hartzeko, beraiei ere lagundu beharko diegula, gu garela beraiei euskaraz hitz egin beharko diegunak”. Arangoa etorkizunera begira jarri da: “egun hauek pasatuta jarraitzen badugu, bai, zerbaiterako balio izan du. Bestela, ez. Behintzat orain arte hitz egiten ez zutenak, behin sartuta, hemendik aurrera gure lehenengo eskaintza euskara izanen da. Hori ere bada irabazitakoa”. Anduezak bidea garbi du: “orain arte bezala jarraitzen saiatuko naiz, euskaraz hitz egiten. Eta, batez ere, hizkuntza ikasten ari direnekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartzen”.
Euskaraldia bukatuta Vizuete “gero eta gehiagok euskaraz hitz egiten” saiatuko da. “Gainera, nire kuadrillan gero eta gehiago hitz egiten dugu. Ea bide horretatik jarraitzen dugun”. Lazkanok ziurtatu duenez, “jarrera berarekin segituko dugu. Hor geldituko dira ariguneko ikurrak eta gure jarrera azaldutakoa izanen da. Ea denon artean Euskaralditik gauza onak ateratzen ditugun”. Gineak egitekoa zein den zehaztu du: “ohitura berri hauek mantentzen saiatzea izanen da erronka. Norbanakoaren gauza da. Euskaraldian parte hartu izanak asmo hori badagoela erakusten du”.
Arigune izan diren denda, bulego, zerbitzu edota kultur entitateen lekukotzak izan dira horiek. Familia, kuadrilla, elkartea, lantokia, auzoa, herria, Sakana arigune izateko pausoak ematen hasi beharra dago. Gaurtik, Euskaraldia bukatzen den egun honetatik bertatik. Belarriprest eta ahobizi rolak jokatzen segitu beharra dago. 15 egunez posible dela erakutsi dugu. Euskaldun asko gara ibarrean, baina euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hitz egin nahi dugu bihartik aurrera, urteko 365 egunetan.