Berrogei urte lehen Korrika hartatik

Guaixe 2020ko abe. 4a, 14:29
Jose Mari Satrustegi eta Eli Galdos lehenengo Korrikako aurreneko kilometroan eraman zuten lekukoa.

Euskararen aldeko errelebokako lasterketa beti pasa da Sakanatik. Udaberrian Korrikak bere 22. edizioa izan behar zuen, COVID-19agatik bertan behera gelditu dena.

Lehendabiziko Korrika Oñati eta Bilbo artean egin zen, azaroaren 29tik abenduaren 7ra. Zuek ere esan bai euskarari leloa zuen aurreneko lasterketa hark 1.820 km-ko ibilbidea izan zuen. Aurreneko edizio hartan Korrikak Xabier Peña Albizu tolosarra omendu zuen. Frankismo garaian haurrei euskara irakatsiko zieten irakasleak trebatzen eta helduak euskalduntzen eta alfabetatzen aritutakoa zen Peña. 

Zergatik Korrika? 
Diru premiagatik. Euskaraz jakin bai, baina bere hizkuntzan irakurtzen eta idazten ez zekien jende asko zegoela ikusirik, euskarazko lehen alfabetatze taldeak 1965 aldera sortu ziren. Alfabetatzearen aldeko aurreneko kanpaina urte hartan egin zen. Euskara ez zekiten helduei ere hizkuntza erakutsi beharra sumatu zuten. Eta horrela sortu ziren herriz herri gau-eskolak. Saretzen lehenak gipuzkoarrak izan ziren, Gipuzkoako gau-eskolen elkartea sortuz 1974-75 ikasturtean. 1976an Bizkaiko hainbat ikas-tokik koordinatzea erabaki zuten eta haiek erabiliko zuten estreinako AEK izena, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea. Gau-eskolen mugimendua lurralde guztietan zabaltzen ari zen eta guztien koordinazioa beharrezkotzat jo zuten eta horrela sortu zen AEK.

Gau-eskolak Euskaltzaindiaren abaroan hazi ziren. Harengandik jasotzen zuen dirua. Baina sumatzen zuten “garai batean baino babes ahulagoa” jasotzen zutela. Euskaltzaindiak berak dirua eta gizartearen babesa lortzeko Bai euskarari kanpaina arrakastatsua egin zuen. 1979an ikastolen aurreneko festa ospatu zen, Kilometroak. Gau-eskoletako arduradunek dirua ateratzeko zerbait egitea zuten buruan eta bateko eta besteko ekarpenekin sortu zuten Korrika, hasiera batean eroen kontua zirudiena. 

Hasiera 
Oñatiko Unibertsitateko atetik atera zen, 22:00etan, elurretan ari zela. Remigio Mendiburuk diseinatutako lekukoa estreinakoz eramateko ardura Jose Mari Satrustegi euskaltzainburuak izan zuen. Lehen km hura Satrustegik eta Eli Galdosek (Oñatiko alkate eta Eusko Jaurlaritzako Barne kontseilariorde) osatu behar zuten, erdibana. 3 minutu aurreikusi zituzten AEK-koek horretarako. Arbazuarraren eskutik lekukoa Txantxiku ikastolako lau haurrek hartu zuten.  Baina Satrustegi Oñatiko kaleetatik gaizki bideratu zuten eta bide luzeagoa eginda, zortzi minuturen ondoren, iritsi zen lekukoa Galdosengana. 


Azkeneko Korrikan Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kideei tokatu zitzaien lore eskaintza egitea.

Puntu beltza 
Lehen Korrikako puntu beltza Etxarri Aranatzen dago, Haritzalko basoan. Etxarri Aranaztik Bakaikurantz jo zuten korrikalariek lekukoa babesten. Eta behin nekatuta, bide bazterrean gelditu eta herrirako bidea hartu zuten. Horietako bat zen Javier Eseberri Arraras, 13 urteko gaztea, eta Etxarri Aranazko medikuaren semea. Herrira bueltatzen zela, auto batek harrapatu zuen. Lehenik Etxarri Aranazko kontsultategira eraman zuten eta handik Nafarroako Ospitalera. Baina zauri larrien ondorioz abenduaren 5ean hil zen. 

1980ko Korrikaren akaberan, Bilbon, aipamen berezia egin zioten etxarriarrari eta minutu bateko isilunea eskatu zuten Eseberriren, Xabier Peñaren eta Rikardo Arregiren omenez. Sakanako AEK-ek ezbeharra izan zen tokiaren parean porlanezko zutabe baten gainean marmol arrosako irudi bat jarri zuen. Goiko pieza ezezagunek hautsi zuten eta porlanezko zutabea gelditzen da soilik. Ondorengo Korrika guztietan lasterketak han geldialdi txikia egiten du han, eta lekukoa eramaten ari denak lore eskaintza egiten du oroigarrian. 

Bukaera 
Nafarroako AEK-ko arduradun zen Lurdes Mendinueta 1980an. Berak eman zion Satrustegiri  txandakako lasterketa antolatzeko ideiaren berri. Eta arbazuarrak proposatu zion Rikardo Arregik alfabetatze-lana babesteko eskatuz Euskaltzaindira bidalitako gutuna Korrikako mezua izatea. Arregi kazetari, idazle eta kultur eragilea, euskarazko alfabetatze kanpainak sustatu eta arlo hori egituratzen ahalegindu zen. Euskaltzaindiari alfabetatze saila sortzeko proposamena egin zion 1960an hamarkadan. 

Arregik alfabetatze-lana babesteko eskatuz Euskaltzaindiari, Satrustegi berari, 1966ko ilbeltzaren 17an bidalitako gutuna. Hori zen lehen Korrikako mezua. Eta hala izateko proposamena Satrustegik orduko Nafarroako AEK-ko arduradun Lurdes Mendinuetari egin zion. Arbazuarrak kopia bat zuen eta hura zen Bilbon irakurri behar zen testua, eta ondoren AEKrena. Satrustegik ez zuen gutuna eraman Oñatiko hasierara, Donostian zuen, txukuntzen. Eta Korrika Urdiainera iritsi zenean herrian sartu zuen Satrustegik. Baina Burunda eta Bilbo artean desagertu egin zen mezua. AEK-ko kideek gutunaren fotokopia bazuten, baina hura opatu bitartean, akabera ekitaldia ez eteteko AEK-ren diskurtsoarekin hasi ziren. Baina diskurtso inprobisatuko azken esaldiek, akabera-festan egoterik izan ez zutenei eskainitakoak, hautsak harrotu zituzten eta giroa gaiztotu zuen.