Zerbitzuen eta establezimenduen gida etxera iritsiko zaizu

Guaixe 2020ko abe. 9a, 12:29
Sakanako Gida etxean jasoko dute sakandar guztiek.

Guaixe fundazioaren Sakanako Gida ibarreko 8.500 etxebizitzetan banatzen hasi dira aste honetan eta aurki etxean izanen duzu irakurle. Paperezko bertsioak bere parekoa du Interneten. Batean edo bestean Sakanako zerbitzu eta establezimenduen eskaintza zabala eta haiekin harremanetan jartzeko modua opatuko duzu.

Sakanako Gida, ibarreko denden, zerbitzuen, enpresen eta autonomoen informazio osatua eta eguneratua du. Eta horixe jasoko dute sakandar guztiek beraien etxeetan hurrengo egunetan. Guaixe fundazioaren ekimenez argitaratu da gida komertzialaren zazpigarren edizioa. Hura zabaltzen duenak egunerokoan baliagarria zaion informazio praktikoa opatuko du, esaterako, osasun etxe, udal edo bestelako erakundeen telefonoak. Sakanako Gidaren aurtengo berritasuna hainbat herritako mapak dira, establezimenduak kokatzen lagunduko dutenak. 

Guaixe fundazioaren argitalpenak Sakanako merkataritza eta zerbitzu eskaintza zabalaren eta ugariaren berri ematen du; informazio osatua eta eguneratua. Sakanako Gida ibarraren tokiko ekonomiaren oinarri diren zerbitzuek eta establezimenduek osatzen dute. Guztien artean makina bat esparru hartzen dituzte, sakandarrendako eta bisitariendako eskaintza zabala osatuz. Haiek dira beraien eguneroko eskaintzarekin sakandarrak kalera atera eta bisitariak erakartzen dituztenak, eta Sakanako herriei bizia ematen dietenak. Gure establezimenduak eta zerbitzuak, urrutiago joan gabe, hemen bertan, Sakanan. 

Bi bertsio 
Ibarreko etxeetara aurki iritsiko dena Sakanako Gidaren paperezko bertsioa da. Baina etxetik kanpo dagoenak uneoro eskuragarri izan dezake Guaixe fundazioaren zerbitzua, online bertsioa baitago. Interneteko gidan paperezko bertsioan dauden establezimendu eta zerbitzuei buruzko informazio bera dago. Batean eta bestean bilaketak egiteko sailkako eta azpisailkako antolaketa dago. Gainera, Interneten establezimendu bakoitzak bere orria du eta han helbidea, telefonoa, e-posta eta haren web orriaren berri dago. Mapa batean haren kokapenaren berri ematen da ere. Interneteko webgunea Sakanarako eta mundurako erakusleiho bat bihurtzen da. Aurki erabat berrituko dena, Tokikom osatzen dugun Euskal Herriko hedabideekin batera egindako lanaren ondorioz.

Tokiko merkataritza eta zerbitzuak Sakanako ekonomiaren oinarri garrantzitsua dira, ibarrean, herrietan aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituena. Haietan erosiz edo haietan zerbitzuak kontratatuz, Sakanan bizi eta lan leloa gauzatzen ari gara. Hori errazago egiteko, gainera, BeleixeGuaixe txartela dago. 2012an sortu zen eta fundazioaren babesle diren 1.400 sakandarrei ibarreko 90 bat establezimenduetan abantailak eskaintzen dizkie.

Harremanetarako


Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo orain Interneteko bertsioan sartzeko: 661 523 245 telefonora hots egin edo publi@guaixe.eus e-posta helbidera idatzi.