Pilota

Finalean daude

Guaixe 2020ko abe. 5a, 00:59

Partida oso gogorrean Agirreri eta Albisuri  22 eta 9 irabazita, asteartean Binakako Txapelketako finala jokatuko dute Ezkurdiak eta Martijak Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra

Ezkurdiak eta Martijak Binakako Txapelketako finalera sailkatzea lortu dute partida oso gogorrean Agirreri eta Albisuri 22 eta 9 irabazi eta gero. Baikoko bikotea aurreratu da hasieran, baina Ezkurdiak eta Martijak ondo erantzun dute eta aginte makila hartu dute tanto oso luze eta borrokatuak euren aldera erortzen joan diren heinean. Sakandarrek oso serio jokatu dute, eta 9 eta 3raino joan dira.

Pilota aldatuta iritsi da Agirreren eta Albisuren erantzuna. Jon Anderrek sekulako pilotakadak bidali ditu atzera, eta 2 tanto jarraian egin dituzte Baikokoek. Oso tanto gogorra jokatu da segidan, 106 pilotakadakoa. Bi atzelarien arteko lehia izugarria izan da: bikain aritu dira Martija eta Albisu. Une askotan aurrelariak ikusle soilak izan dira. Azkenean Baikokoen aldera erori da tantoa, Martijak pilota galdu eta gero. 9 eta 7 gerturatu dira Baikokoak, baina hurrengo bi tantoak Ezkurdiaren eta Martijaren aldekoak izan dira: 11 eta 7. Bikain aritu dira sakandarrak.

Lau pilotariek sendo jarraitu dute lanean eta partidak gogor izaten jarraitu du. Atzelariak ikusgarri, eta aurrelariak ahal dutenean jokoan sartzen. 22ra iristea oso garesti zegoen: 12 eta 9 gerturatu dira Baikokoak, baina hurrengo pilota gora joan zaio Albisuri eta hurrena txapapera: 14 eta 9. Segidan jokatu den tantoa luzea eta borrokatua izan da, eta hau ere txapapera joan zaio Albisuri.

Joseba Ezkurdia diferentziak markatzen hasi da une erabakigarrietan. 16 eta 9 jarri dira aurretik sakandarrak, eta Baikokoei gauzak zaildu zaizkie. Baikokoek ez dute zortea alde izan eta akatsak egiten jarraitu dute. 18 eta 9 aurreratu dira Ezkurdia eta Martija; serio jardun dute, nagusi. Pilotak gozatuz, hemeretzigarrena egin dute eta hurrengo tantoa txapapera joan zaio Albisuri. Hala ere,  markagailuak ez zuen partidan gertatzen ari zena islatzen, partidak oso gogorra izaten jarraiten baitzuen. Hurrengo tantoa txapapera joan zaie Baikokoei. 21 eta 9. Eta azken tantoa sakandarrek egin dute. Partida oso gogorrean, merezitako garaipena lortu dute sakandarrak eta asteartean Bilbon jokatuko den final handirako txartela lortu dute: Olaizola eta Urrutikoetxea izanen dituzte aurkari.

Sakandarrek aitortu dute aurtengoa urte arraroa eta zaila izan dela, eta oso pozik daudela finalera sailkatu izanagatik. “Martijarekin finalera iritsi izanagatik sekulako ilusioa dut” esan du Ezkurdiak. Martijak azaldu du Ezkurdiak “sekulako partida” egin duela eta bere lehenengo finalerako sailkatu izanagatik oso pozik dagoela “halako finalak jokatzea ez baita eguneko kontua”.