Pilota

Ezkurdia Artola baino askoz ere gehiago izan zen

Guaixe 2020ko abe. 14a, 11:35

Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatu da kaiolako egungo txapelduna, Artolari 22 eta 8 irabazita. Finalerdietan, egungo Buruz Buruko txapeldun Erik Jaka izango du arerio aurrelari arbizuarrak

Joseba Ezkurdia sasoi betean eta bere ibilbideko unerik gozoenean dagoela ezin du inork ere uka. Buruz Burukoan final laurdenetan erori eta gero kolpe latza jaso zuen arbizuarrak, baina egoerari buelta eman, Martijarekin batera Binakako txapela jantzi eta orain Lau eta Erdiko txapela defendatzen buru belarri dabil. Bera da kaiolako txapela janzteko faborito nagusia eta hala erakusten ari da. 

Atzo, Lau eta Erdiko final laurdenetako partida jokatu zuen Ezkurdiak Artolaren kontra, Eibarko Astelenan. Artolak partida jokatzeko ilusio handia zuela aitortu zuen partida hasi baino lehen; Ezkurdia ere gogotsu zegoen, baina Binakako Txapelketa irabazi eta gero Lau eta Erdikoa prestatzeko apenas tarterik ez zuen izan, eta beldurrez zegoela aipatu zuen, hankaz-eta ez zela oso bizi aurkitzen. 

Nolanahi ere, egungo txapeldun Ezkurdia zen faborito, eta arbizuarrak ez zuen huts egin. Partidaren lehen txanpan parez pare aritu ziren bi pilotariak. Bizi aritu ziren. Lehen bi tantoak Artolak egin zituen; gipuzkoarrak ederki asmatu zuen arbizuarraren zuloak bilatzen. Baina Ezkurdiak hiruna berdintzea lortu zuen eta lehiak bizi jarraitu zuen. Seinako berdinketaren ondoren, tamalez, guztia aldatu zen. Ezkurdiak 15 tanto egin zituen jarraian eta zuzenean 21 eta 6kora joan zen arbizuarra. Erauntsia izugarria izan zen, eta nahiz eta Artola arbizuarraren erasoa gelditzen saiatu, ezinezkoa izan zen. Artola neurketatik atera zen, eta nahiz eta beste bi tanto egin eta markagailua zerbait makillatu, 22 eta 8 galdu eta Ezkurdia izan da Lau eta Erdiko txapelketan aurrera egin eta finalerdietarako sailkatu dena, merezimendu osoz. 

Ezkurdiaren ustez, Iñakik “ez zuen berea eman”
Partidako zenbakiak kontuan hartuz, sakez 9 tanto egin zituen Ezkurdiak eta 2 Artolak, eta jokoan 14 tanto lortu zituen arbizuarrak eta 4 gipuzkoarrak. Ezkurdia Artola baino askoz ere gehiago izan zen, inolako zalantzarik gabe. Partida bukaeran Ezkurdiak aipatu zuen seinako berdinketaren ondoren Artola ez zuela ongi ikusi. “Uste dut Iñakik ez duela berea eman eta horregatik irabazi dudala” nabarmendu zuen arbizuarrak. “Beldurrez etorri naiz, hankaz-eta ez nintzen oso bizi aurkitzen, esfortzu asko izan dira azken egunetan, baina uste dut nirea nahiko txukun egin dudala” gaineratu zuen. Artolak, bere aldetik, aipatu zuen “denbora asko egon behar izan duela geldi”, eta oraindik ez dagoela bere mailarik onenean. 

Ezkurdiak Jaka du zain
Asteburu honetan Lau eta Erdiko finalerdiak jokatuko dira. Joseba Ezkurdiak egungo Buruz Buruko txapeldun Erik Jaka izango du aurkari, bi txapeldun handien arteko partida izango denean. Beste finalerdia Altunak eta Bengoetxea VI.ak jokatuko dute.