Pilota

Murgiondo eta Azpiroz, eta Igoa-Aldabe, Nafarroako Binakako Txapelketako finalaren bila

Guaixe 2020ko abe. 18a, 09:00

Irurtzun klubeko Murgiondok eta Azpirozek Nafarroako Binakako Txapelketako 2. mailako finalerdia jokatuko dute larunbatean, Labriten, Lansalot eta Gurrearen kontra (Larraun), eta 1. mailako finalerdian Oberena Klubeko Igoa-Aldabek Anso-Eskiroz (Zugarralde) izango dituzte aurkari

Bihar, larunbata, 16:00etan, Nafarroako Binakako Txapelketako 2. mailako eta 1. mailako finalerdiak jokatuko dira Labrit pilotalekuan. COVID-19 pandemiagatik hartutako osasun neurriak arindu direnez, publikoarekin jokatuko dira partidak, hori bai, edukiera mugak eta distantziak mantenduta. 

Nafarroako Binakako Txapelketako 2. mailako eta 1. mailako finalerdiak oso erakargarriak izanen dira. 2. mailako finalerdietan, Irurtzun klubeko Murgiondok eta Azpirozek Larraun klubeko Lansalot eta Gurrea izanen dituzte aurkari, eta Jamar eta Mina (San Juan) Ariztegi-Ballarenaren (Txaruta) kontra ariko dira. Eta lehen mailako finalerdietan, Igoa etxarriarrak eta Aldabek (Oberena) Ansoren eta Eskirozen kontra (Zugarralde) jokatuko dute, eta Garcia-Iruritak (Oberena) Laso-Mariezkurrenaren (Huarte) kontra.