Pandemiak pandemia eta birusak birus, aurten ere Eguberri gertatzea, eguzkia eta mundua gelditu ez diren seinale garbia dugu. "Ez festak" kontzeptu kalapitosoaren porrotaren ondoren (ezezko batek sekula santan ez du hainbeste baiezko ekarri), inor gutxik ez du "ez gabonak" terminoa dantzarazi.
Eguberri, bada, etengabeko eboluzio zoroan dabilen fenomeno soziologikoa da. Egun, gehiago du kontsumozko objektutik, ospakizun espiritualetik baino. Bitoriano Gandiaga idazle handiak Gabon dut anuntzio liburu zoragarrian orain dela
60-80 urteko gabon xume, minimal samar eta xamurtasunez eta sentimen biluziz beteriko Eguberriz mintzo da. Artean baserri giroko jendartea naturarekin bat eginik zegoen, eta dirua eskas zebilen hiri, kale nahiz baserrietan. Mundu hori joan zen, ordea.
Hamarkada gutxitan kontsumoaren erresuma instalatu zen dirua eta beharra zeuden bazter orotan, AEBetako kultura hegemonikoak telebista bidez elur leunez, kanpaihots xarmantez, film eta abesti goxoz, karrika argi distiratsuz eta ametsezko opariz bete zituen egunok eta guk geronek biribilketa eta zortziko zoriontsutan zamalkatu genuen ilusiozko zaldi eder hori, oturuntza eder eta opari erraldoien artean, Vienako kontzertu handiosa eta eski jauziak barne.
Eta hara non, dejavu honi aurtengoan etena iritsi zaio, pentsa, baita Durangoko Azokari ere. Neurrigabekeria nagusia den munduan, zer da neurriz, tentuz, arduraz eta mugez festa bat ospatzea?
Ikuskizun dago, eta norberak begirada eta sentimendu ezberdin batez biziko du aurtengoa. Jende gutxiagorekin, lankideen bazkari edo afaririk gabe, etxeratzeko ordu jakinarekin (hamaika biltzeko eta bizitzeko jaio ginen), kalez kaleko Bazkuen amorez gabe...
Zain dezagun geure burua, zain dezagun elkar.
Eguberri, Bazko eta Urte berri on.