Urte bete gehiago. Berrogeita bostak ere ezin gustura, nahi eta behar bezala ospatu. Egingo dugu hala ere larunbata egun berezia eta alaia izan dezazun. Merezi duzulako.
Urte nahasia, ezta? Agintzen diguten tokitan egon nahi ez, nahi dugunetan debekatuta. Baten bat eskubideak murrizten ari zaizkigula konturatu da, a ze nobedadea! Arduraz jokatzen dutenak otzanak. Arauak betetzen ez dituztenak arduragabeak. Zientzialarien ospea lurrean. Sasimedikuena aldarean. Denok dakigu dena. Sarean neurriko egia, nahi duzun kolorekoa, aurki dezakezu. Garai bateko etsaiak elkarren beharrean. Hozkaka aspaldiko lagunak. Dena aldatu da, diote batzuk. Ezer ez, besteek.
Hogei urte espetxeratu zintuztenetik. Berrogeita hamar Burgosko epaiketatik. Ezer ez da berdin. Ezta askatasuna borrokatzen duen herria ere, ezta askatasuna borrokatzen duten herritarrak ere. Edo bai? Nahi bera, helburu bera: presoak etxean, Euskal Herria aske.
Eta gurdia mugituko bada tiratu egin behar, edo bultzatu bestela. Ari gara. Ez behar adina, baina ari gara. Pixkanaka-pixkanaka guztiak etxeratzeko urratsak ematen ari dira, ari gara, ari zarete. Batzuk barrutik eta beste batzuk kanpotik ari garelako.
Ez dago formula magikorik: zenbat eta gehiago izan tiratzen dugunok, zenbat eta indar handiagoarekin bultza, atea irekiago, etxea gertuago.
Zorionak Luis! Ahalik eta hobekien ospatu, guk egingo dugun antzera, esperantza bihotzean, irribarrea ahoan eta ukabila estututa!