Tristuraz hil?

Erabiltzailearen aurpegia Josune Gambra eta Joseba Barriola (Zainduz Nafarroako Zahar egoitzetako egoiliarren senideen elkartearen izenean) 2020ko abe. 18a, 09:20

Gure familiaren esperientzia da. Gure amak 99 urte ditu. Ez dago COVID-19 gaitzaz kutsatuta. Baina hori baino zerbait larriagoa du. Tristuraz hiltzen ari zaigu. Bakardadez joaten ari zaigu.

Esaten digute konstante bitalak ondo dituela. Animoz baxu dagoela. Baina ezin izan dugu hilabetetan bisitatu. Telefonoz hitz egiteko ez da gai. Ez dugu pantaila handirik erabiltzeko modurik. Ezin gaitu ikusi. Okada eta kakari suabe batengatik bi egunetan isolatuta egon da egoitzaren barruan, kutsatua ote zegoen jakin arte. Negatiboa eman dio.

Baina sentitzen dugu tristuraz ari zaiola bere azken denbora joaten. Eta hauxe da, tristuraz eta bakardadean, hiltzeko modurik txarrena. Jasan ezina da bisitarik gabe egotea. Bisitak egitea urgentziaz eskatu dugunean, erantzuna burokratikoa izan da.

Hau oihu bat da. Zahar etxeetako egoiliarren senideen elkarte guztiak gauza bera ari dira esaten. Geriatriako elkarteek gauza bera diote. Gobernariek esan, esaten dute arazo emozionalak, bakardadea, gorputz ariketak beharrezkoak direla, baina gero isolamendu larria jartzen diete aiton-amonei eta ahaideei. Langileen lan baldintzak ez dira onak, langile kopurua zeharo eskasa, borondate eta enpatia duten langileek barne ezinegona sufritzen dute, ahaideei ateak ixten zaizkigu. (ez dago arropa egokirik, testak egiterik, neurri guztiak gordetzerik?. 

Atzetik datorren egoera ari gara orain sakon sufritzen. Zaharren egoera negozio bihurtu nahi dute batzuk eta gobernuek ez dute eskubidetzat hartzen atentzio duina eta kalitatezkoa. Gobernuendako lehena da “ekonomia”, hau da, aberatsen ongi-izatea.

Ez, zahar egoitza ez da kotxe matxuratu eta zaharkituen gordelekua bezalakoa. Ez. Ez dugu tristuraz hil nahi. Ez dugu onartzen gure gurasoak tristuraz eta bakardadean bizitzea.