Ibarreko dendak “TopTopa” online salmentarako plataforman

Guaixe 2020ko abe. 24a, 09:49
Etxarriarrak plazan. Artxiboa.

Denok Bat, merkataritza eta zerbitzuen federazioak, eta Cederna-Garalurrek sustatu dute. 46 establezimenduk abiarazi dute plataforma, tartean Sakanako 11. www.toptopa.shop webgunearen bidez txikizkako merkataritza, ostalaritza eta tokiko zerbitzuen eskaintzak ikusi eta erosi daitezke. 

Hilaren 9az geroztik martxan da “TopTopa” online salmentarako plataforma. Online plataforma berriaren bitartez, erabiltzaileek eta bezeroek produktuak eta zerbitzuak zuzenean eros diezazkiekete saltzaileei, inolako bitartekorik gabe. Plataforma Mendialdeko merkataritza eta zerbitzuen federazioak, Denok Batek, kudeatuko du irabazi asmorik gabe, atxikitako establezimenduen ordezkari gisa. 

46 establezimendurekin abiatu bazen ere, TopTopa plataformara oraindik atxiki daitezke tokiko eta hurbileko txikizkako merkataritzako sektoreko establezimenduak, tokiko ekoizleak, Nafarroako tokiko eta hurbileko ostalaritza, hotel eta zerbitzuetako establezimenduak, Nafarroan establezimendu fisikoa edo tokiko lehen mailako ekoizpen-jarduera baldin badute eta negozio txiki, hurbileko, tokiko, kalitateko eta autonomoko eredua partekatzen badute.

Interneteko azoka plaza horren bidez saltoki txikiek kostuak aurreztu eta tokiko garapena ikusarazi eta sustatzen dute. Mendialdeko establezimendu txikien produktuak komertzializatzeko kanal berriak gainera landa-ekonomia aktibatu eta hurbileko produktuak bultzatzeko balio dezake. Horretarako, establezimendu bakoitzak bere produktuei balioa emateko estrategia digital propioa garatu beharko du eta “Toptopa” horren parte izanen da. Gainera, gero eta gehiago digitala den bezeroengana hurbiltzeko zubia ere bada. 

Bat egin duten establezimenduek, bakoitzak bere espazio propioa du bere burua sustatzeko, bere establezimendu birtuala kudeatzeko eta bere produktuak bitartekaririk gabe zuzenean bezeroei saltzeko. Ezaugarri horiek, alde batetik, establezimenduen autonomia sustatzen dute, online bidezko salmentako plataforma handietatik bereiz; izan ere, plataforma horietara atxikitzeko baldintzak askotan onartezinak dira denda txikiendako. 

Online salmenta kanala den plataforma Denok Bat merkataritza eta zerbitzuen federazioak bultzatu du, Cederna-Garalur elkarlanean, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren finantziazioa eta Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuaren babesa izan du.