Aurten erroldatutakoei erakunde harrera eginen diete

Guaixe 2020ko abe. 18a, 14:57
Udalekin eta Saskanako Mankomunitatearekin batera hainbat erakundek parte hartu dute prestaketan.

Etxarri Aranatzen, 11:30ean, udaletxean eta Arbizun, 13:00etan, udaletxean. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Euskara Zerbitzuak eta bi udalek antolatu dituzte ekitaldiak. 

Kezka bat: “nola egin harrera gure herrietan erroldatzen diren herritar berri guztiei?” Eta, hortik abiatuta, asmoa: “pertsona horiei gure herrian ditugun zerbitzuen berri ematea eta jakinaraztea gure herrietan euskaraz bizi garela eta hizkuntza osasuntsu dagoela. Aldi berean, animatzea gure herrian parte hartzera, gure herriko kide aktibo izatera”. Izaskun Errazkin Beltzaren hitzak dira, Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzuko teknikariarenak. 

Pertsona Migranteen Nazioarteko eguna da gaur. Eta data hori kontuan hartuta antolatu dituzte biharko erakunde harrerak Arbizun eta Etxarri Aranatzen udalek eta Sakanako Mankomunitateak. Hainbat hizkuntzatan idatzitako zuzeneko gonbidapenak banatu dizkiete Arbizura eta Etxarri Aranatzera etorri berriei. Gonbidapena emateko eta larunbateko ekitaldirako bitartekari naturalak, harrera egin behar den herrialdeetakoen jatorri bereko pertsonak, opatu dituzte. Esaterako Suleiman maliarra bere herrialdekoen bitartekaria izanen da Arbizun. 

Zergatiaz 
Begoña Zestau Baraibarrek, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikariak jakinarazi duenez,  “aurtengo egoera bereziagatik ongi etorria emateak zentzu berezia du. Zeren jendeak jarraituko du etortzen. Erakundeoi ongi etorria egitea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, neurri txiki batean bada ere, horrek partaide izateko sentimendu txiki bat sortzen duelako”. Eta keinu bezala Anitzartean zerbitzuak ongi etorri hitza hainbat hizkuntzatan irakurri daitekeen oihal handia egin du. “Baina sakandarrek ere ongi etorri hitza beste hizkuntzatan ikusteko aukera izateko. Hizkuntzak ere aniztasuna direlako. Hizkuntza horiek euskararekin komuneko halako enpatia puntu bat dute”. 

Errazkinek azaldu duenez, “urte batzuk generamatzan: badago beharra, honekin zerbait egin behar dugu”. Zestauk gaineratu duenez, “aurtengo egoerak azkartu egin du harrera protokolo bat sortzea Anitzartean zerbitzutik. Denbora generaman honekin eta egoerak hausnarketa sakontzea ekarri du”. Konfinamenduaren aurretik bileraren bat egin zutela ere gaztigatu dute. Eredua prestatu dute eta Sakanako udalei haren berri eman diete. Asmoa baita udal guztiek harrera protokoloa bere egitea. 

Anitzartean zerbitzuak erakunde harrerak egiteko Nafarroako Gobernuaren Migrazio Politikak eta Justizia Departamentuaren dirulaguntza jaso du. Aurtengorako Arbizu, Etxarri Aranatz eta Ziordiko udalek interesa azaldu zuten, baina azken horrek azken orduko kontuengatik hurrengo baterako utzi du. Baina heldu den urteetan ibar guztietara zabalduko dela azaldu du Zestauk. 

Errazkinek gaineratu duenez, “hainbat entitatek parte hartzen dugu harrera protokoloan. Udaletan erroldatzen dira. Beraz, udalek parte hartzen dute. Eta egin diren eta erroldatu berriei banatuko zaizkien esku orrietan udalek ematen dituzten zerbitzuen berri ematen da. Baina Sakanako Mankomunitatearen eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen berri ere”. Zestauk gaineratu duenez, “koordinazio bileran kontatu da eta beste herrietakoei interesa piztu die. Orduan ikusi beharko da noiz den posible eta nola”. 

Errazkinek nabarmendu zuen Arbizu eta Etxarri Aranatz Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide direla. “Azken urteetan zerbait egiteko eskaera egina zuten, jakinik UEMAn halako esperientziak daudela”. Errazkinek gaineratu duenez, “etortzen diren pertsona horiek aniztasuna ekartzen dute, eta gure herrian dugun hizkuntza hori ezagutzera gonbidatu nahi ditugu. Baina, aldi berean, jakinarazi horretarako zein dirulaguntza dituzten”.

Ekitaldia 
Bi herrietan antzeko egitaraua prestatu dute. Erroldatu berriei aurreneko agurra udaletxe atean eginen zaie eta ondoren guztiak herriaren etxera sartuko dira. Han udaleko, gizarte zerbitzuetako, anitzarteaneko eta euskara zerbitzuetako ordezkariek beraien egitekoa labur azalduko dute, “aurrez aurreko harremanaren bidez elkar ezagutzeko”. Kontakturako bideak banatuko zaizkien eskuorrietan izanen dituzte. Ondoren UEMAren bideoa emanen da, “Euskal Herrira bizitzera etorri diren zenbait herrialdeetako biztanleak agertuko dira, haien hizkuntzetan eta euskaraz hitz egiten agertuko dira. Haien eta gure hizkuntzei balioa aitortu”. Erroldatu berriek hitza hartzeko aukera izanen dute eta ekitaldiak hala despedituko dira. 

Gurasoak direnak haurren zaintzagatik joan gabe ez gelditzeko eta parte hartzea sustatzeko,  aniztasunaren oka jolas erraldoia prestatu du zerbitzuak. Edozein sakandarrek eska diezaioke zerbitzuari. 

Aizaga Zeberio Petriati zinegotzi arbizuarrak azaldu duenez, larunbateko erakunde harrera lehenengo pauso gisa hartu dute, gero lanean hasteko. Kezka horretatik abiatuta, Zeberiok jakinarazi du ilbeltzetik aurrera alkateak eta udaleko langile batzuk trebakuntza txikia eginen dute harrera egokia eskaini ahal izateko, “instituzioekiko distantzia ahalik eta txikiena izaten saiatzeko”. Urtero Arbizun erroldatutako pertsonei erakunde harrera egiteko asmoa dutela jakinarazi duen Zeberiok. “Baina interesgarriagoa litzateke herritar gehiago harrera horretan inplikatzea modu batera edo bestera”.