Mendia

Mendigoizaleen eguna urte bat atzeratu da

Guaixe 2020ko abe. 18a, 12:00

Igandean 55. Mendigoizale Eguna hartu beharko luke Aralarko San Migel santutegiak, baina pandemiagatik hurrengo urtera atzeratu da mendigoizaleen festa. Hala ere, santutegiko igandeko 12:30eko meza hildako mendigoizale guztien oroimenezkoa izango dela jakinarazi du Mikel Goiaingeruaren Kofradiak

Mendizaleen urteroko ohitura izaten da Gabonen aurreko igandean Aralarren biltzea. Egutegian gorriz markatuta izaten dute data. Nafarroako klub guztietako mendizaleak San Migelen biltzen dira eta egun berezia izaten da: lehenik eta behin Aralarrera igotzen dira, toki ezberdinetatik: Uharte Arakil, Lakuntza, Madotz, Lizarrusti, Lekunberri… eta behin goian, joan diren mendizaleak oroitu, San Migelen mendi materiala bedeinkatu, aspaldiko lagunak ikusi eta urtea despeditzeko modu polita izaten da. Zendutako mendizaleen aldeko meza izaten da, auzate ederra, trikitixa doinuak, eta batzuk ere dantzatzera animatzen dira. 

1964. urtean, urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hurrengo urtetik aurrera urtero errepikatu izan da, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatuta. Igandekoa festaren 55. edizioa izango litzateke, 56. edizioa 1964 urteko ekitaldia kontuan hartuko bagenu, baina, aurten, tamalez, ez da ospatuko. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak festa bertan behera uztea erabaki zuen urriaren 22an egindako zuzendaritza batzarrean. “Azken 54 urteetan ospatu dugu ekitaldi hau, eta Nafarroako mendizaleak gustura hurbildu izan gara, urtero, San Migel santutegira. Baina aurten, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, ezin izango dugu elkarrekin egun hau ospatu. Datorren urtean elkar ikusiko dugu San Migelen” adierazi du federazioak. 

Santutegiko igandeko meza, mendizaleen oroimenezkoa
Igandean ez da festarik izanen, baina mendira joatea da gaur egun dagoen planik ia bakarrenetakoa eta ziur askok Aralarko bidea hartuko dutela, nahiz eta Mendigoizaleen Eguna ez izan. Ildo honetan, Mikel Goiaingeruaren Kofradiak azaldu du, nahiz eta Mendigoizaleen Eguna bertan behera geratu, santutegiko igandeko 12:30eko meza nagusia hildako mendigoizale guztien oroimenezkoa izango dela.