Pilota

Ezkurdia: “Ez dut nire jokoaren erditik ere jokatu, eta horrela zaila da irabaztea”

Guaixe 2020ko abe. 21a, 10:20
Jakak eta Ezkurdiak Lau eta Erdiko finalerdia jokatu zuten. DIARIO NOTICIAS

Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdian Erik Jakak 22 eta 16 irabazi zion Joseba Ezkurdiari, takadetan erabaki zen partida gogor eta lehiatuan. Arbizuarrak aitortu zuen hasieratik sentsazio txarrekin ibili zela, partidatik kanpo, eta kaiolako finalean ez egoteak pena ematen diola, Altunaren kontra finala jokatzeko ilusioa zuelako

Atzo Eibarko Astelenak Lau eta Erdiko Txapelketako bigarren finalerdia hartu zuen. Lau eta erdiko egungo txapelduna, Joseba Ezkurdia, Buruz Buruko egungo txapeldunarekin, Erik Jakarekin, aritu zen. Bi txapeldunen arteko finalerdia zen, final ikutua zuena, eta lehia estua espero zen. 

Finalerdia takadetan erabaki zen. Bana berdindu eta gero, Erik Jaka 11 eta 1era joan zen zuzenean. Lizartzakoak ez zion arbizuarrari eroso jokatzen utzi; sake eta errematearekin min asko egin zuen Jakak eta oso deseroso ibili zen Ezkurdia. Sake zitalak egin zituen Jakak; pilota ezker paretara arrimatzen zuen, baina bigarren kolpearekin egiten zuen minik gehiena. Ezkurdia bere lekua hartu ezinik zebilen eta asko sufritu zuen tarte horretan, baina ez zuen partida galdutzat eman. Sakean aurreratu egin zen, eta sotamano ikusgarri batekin bigarren tantoa lortu eta partidaren joera aldatu zuen. Sakearekin min handia egin zuen orduan Arbizuko aurrelariak. Horrekin batera, tanto luzeen txanda iritsi zen, eta hobeto aritu zen arbizuarra. 12 eta 9 hurbildu zen hasieran, eta 13 eta 16 aurreratu zen ondoren. 

Bazirudien Ezkurdia finalerdia ongi bideratzen ari zela, baina Erik Jakaren erantzuna etorri zen orduan. Gutxika tantoak gipuzkoarraren aldera erortzen hasi ziren. Gipuzkoarrak Ezkurdiari ez zion erritmoa hartzen utzi eta zuzenean joan zen 22ra. Jokoan 43 minutu iraun zituen partidan 202 pilotakada eman zituzten pilotariek, eta sakez 6 tanto egin zituen Jakak eta 7 Ezkurdiak. Hutsetan ere, antzeko ibili ziren: 3 huts egin zituen Jakak eta 4 Ezkurdiak. Diferentzia jokoan egindako tantoetan egon zen: 12 egin zituen Jakak, eta 6 Ezkurdiak. 

Beraz, Erik Jaka izango da igandean Bizkaia pilotalekuan Lau eta Erdiko finala jokatuko duena, Altunaren kontra. Altunak historia egin du: Lau eta Erdiko bost final jokatuko ditu jarraian, 24 urterekin. 

Ezkurdia: “Hasieratik sentsazio txarrekin ibili naiz”
Joseba Ezkurdia triste zegoen finalerdia galdu eta gero. “Hasieratik sentsazio txarrekin ibili naiz, hankaz batipat; ez nintzen azkar eta arin sentitzen, ez nintzen ongi kokatzen, eta horregatik gaizki nengoen, partidatik kanpo, Eriki aukera asko ematen. Binakakoa eta gero, ez diot buelta eman. Lehengo astean Artolari irabazi nion, baina ez sentsazio onekin, eta txispa hori hartzea kosta egiten ari zait. Hankaz, azkartasun hori ez nuen sentitzen. Normala da ere, baina pilota horrela da. Sentsazioa dut ez dudala nirea eman, ez dudala nire jokoaren erditik ere jokatu, eta horrela zaila da irabaztea. Horregatik nago nire buruarekin haserre” aipatu zuen. 

Arbizuarrak gaineratu zuenez, lehen txanpan gaizki ibili zen. “Sentsazioa nuen atzeraka jokatzen ari nintzela, errestoan gaizki, Eta Erik gutxi baina ondo eginda aurreratu egin da”. Arbizuarrak buelta eman zion partidari, baina ez zen eroso sentitu. “Buelta eman diot, baina ez nire jokoa eginez. Sakea aprobetxatu dut, Erikek opari batzuk egin ditu… esango nuke partida osoan nire jokoa bizpahiru tantotan egin dudala soilik, eta haserre nago ez dudalako nire jokoa egin”. Azkeneko takadan Erikek hartu zuen agintea eta zuzenean joan zen 22ra. 

Arbizuarrak Altunaren kontra finala jokatzeko ilusioa zuen. “Pena, Jokinen kontra finala jokatzeko ilusio handia nuelako, eta Lau eta Erdiko nire hirugarren finala izango litzatekeena jokatzeko gogoa nuelako, baina honi ere buelta emango diogu” nabarmendu zuen arbizuarrak. Izan ere, txapelketa guztietan maila gorenetan aritzeak asko exijitzen du, eta presioak arlo fisikoan eta oreka psikologikoan ere eragina izaten du. “Pentsatzen jarrita, pasatu dudana pasatuta, urte zail eta gogor honen ondoren ez da gutxi txapela bat etxera ematea. Binakakoak faktura pasatu dit. Tentsio handiko bi partida izan ziren jokatu genituenak, oso gogorrak, eta ezin dio buelta eman, bai kontzentratzeko garaian bai gorputzaldian, hanketako azkartasunean bereziki. Azkartasun hori, txispa hori ezin hartu bezala nabil, baina aurrera begiratu behar da” dio arbizuarrak. 

Eta ez dira erronkak faltako. Izan ere 2021eko Binakako Txapelketa aurkeztuko dute aurki. “Ea norekin tokatzen zaidan. Gustura, urte berria hasteko gogoz, ea urte hobea izaten den. Dena den, orain egun batzuk hartu nahi ditut, pilotaz guztiz deskonektatu, burua lasaitu, indarrak hartu eta ea berriz gogotsu ekiten diogun datorren txapelketari”.