Futbola

Nafarroako Futbol Federazioak ligen itzuliko balizko hasierako datuak publikatu ditu

Guaixe 2020ko abe. 22a, 11:20
Lagun Arteakoek sare sozialetan publikatutako mezua, datorren denboraldia prestatzen hasi direla iragartzeko. Argazkia: Lagun Artea.

Oraindik ez dira ofizialak, erabakia Osasun Departamentuak hartuko baitu ilbeltzean, pandemiaren datuen arabera

Nafarroako Futbol Federazioak Nafarroako klubei eta Nafarroako Kirol Institutuari futbol kategoria ezberdinen liga hasierako daten proposamena bidali zien atzo. Data horiek ez dira ofizialak, jakina, kirol ligen hasiera noiz izanen den Osasun Departamentuak erabakiko baitu, ilbeltzean, pandemiaren datuen arabera. 

Nafarroako Futbol Federazioak zehaztutako balizko data horien arabera, 1. Maila Autonomikoa, Preferente maila, Emakumezkoen Maila Autonomikoa eta Gazteen 1. maila ilbeltzaren 23n eta 24an hasiko lirateke, eta Erregional maila, Gazteen 2. maila eta Emakumezkoen Areto Futbola ilbeltzaren 30ean eta 31n. Erabakia, nolanahi ere, Osasun Departamentuak hartuko du. 

Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Miguel Pozuetak azaldu duenez, “Federazioak ez du ahalmenik” lehiaketaren itzulerako datak jartzeko. “Erabakia ez du Nafarroako Kirol Institutuak hartzen, Osasun Departamentuak baizik, dauden datuen arabera” zehaztu du Pozuetak. “Gustatuko litzaiguke data horietara ongi iristea, baina osasuna da lehendabizikoa” azpimarratu du. 

Nolanahi ere, eta badaezpada, futbol klubetan lanean hasi dira euren instalazioak puntuan jartzen. Entrenamenduak hasi dira eta urte berriarekin txapelketak hastea, hori da guztiek nahi dutena.