Mank-ek bi egunetan ez du hondakinik bilduko

Guaixe 2020ko abe. 23a, 11:02
Sakanako Mankomunitatearen kamioia hondakinak jasotzen. Artxiboa

Abenduaren 25ean eta ilbeltzaren 1ean ez da hondakinen bilketarik eginen atez atekoa duten zortzi herrietan. Gainontzekoetan bai.

Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Kudeaketa Zerbitzuak eguberriei begirako zenbait jakinarazpen egin ditu. Alde batetik, jakinarazi du abenduaren 25ean eta ilbeltzaren 1ean ez dela hondakin bilketa zerbitzurik izanen. Horrekin batera, ibarreko erakundetik sakandarrei jakinarazi diete Arbizuko eta Altsasuko garbigune finkoak astegunetan 09:00etatik 14:30 arte zabalik egonen direla, jai egunetan izan ezik. 

Bestalde, tamaina handikoak eta besteak etxetik zuzenean jasotzen duen Emausko Trapuketarien zerbitzua martxan segituko du eguberrietan. Bakarren batek zerbitzua erabili nahi badu 948 464 867 telefonora hots eginez edo www.sakana-mank.eus webgunearen bidez egin dezake eskaera. Aldi berean, Hondakinen Kudeaketa Zerbitzuko arduradunek gogorarazi dutenez, “hondakinak ez dira poste, etxola edota edukiontzien ondoan utzi behar”. 

Atez atekoendako 
Aipatu zerbitzuko kideek dei berezia egin diete Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko herritarrei, atez ateko zerbitzua dutenei. Alde batetik, ontzi arinak etxean gordetzeko hurrengo bilketa egunera arte, hau da, asteartera arte bi kasuetan. Bestela, haizeak edota animaliek 
aiek barratu eta herriak eta ingurumena zikindu eta kutsatzen dute. 

Bestetik, zortzi herrietako biztanleei “larrialdi guneen erabilera egokia” egitera deitu diete, “larrialdietarako bakarrik erabili behar dira”. Bestetik, eskatu diete hondakinak lurrean ez uzteko eta egunean bilduko den frakzioa ateratzeko bakarrik, “ongi banatuta”. 

Galderak eta zalantzak 
900 730 450 doako telefonora hots egin daiteke haiek argitzeko; edo info@sakana-mank.eus helbidera idatzi.