Mendia / atletismoa / txirrindularitza

Urteari agurra eta ongietorria, bakoitza bere kabuz

Guaixe 2020ko abe. 30a, 12:00
2019ko Altsasuko San Silvestreko irteera.

Urtea agurtu eta urte berriari hasiera emateko ohiko San Silvestreak eta mendi irteerak ez dira antolatuko eta bakoitzak bere kabuz egin beharko ditu erritu hauek

Abenduaren 31n, urteko azken egunean San Silvestre herri lasterketetan parte hartzeko ohitura errotuta dago Sakanan. Altsasun, Nafarroako proba beteranoenaren  42. edizioa jokatu beharko litzateke aurten, eta Olaztin eta Irurtzunen urtea korrika despeditzen dute. Bestalde, Altsasu Kirol Elkarteak urtero Altsasutik Urbasara bizikleta igoera egiten du urteko azken egunean; aurtengoa 38. San Silvestre Zikloturista Martxa litzateke. Ekitaldi hauek guztiak bertan behera geratu dira COVID-19 birusak sortutako pandemiagatik. Bakoitzak bere kabuz ibili beharko du. 

San Silvestre birtuala
Nafarroako Atletismo Federazioak San Silvestre birtualean parte hartzeko gonbita egin die Nafarroako korrikalari eta atletei: https://sansilvestrenavarra.com webgunean izena eman (dohainik) eta norberak bere kabuz egiten dituen korrikaldiko kilometroak (baita ere patinetan eta bizikletan egindako kilometroak) eta beste datuak emango ditu. 

Mendira
Mendizaleen artean ere ohikoa da egun berezi hauetan mendira joatea. Abenduaren 31n Irurtzungoak Ergako Trinitatera, Altsasuko Mendigoizaleak eta Olaztiko Sutegikoak Aizkorrira eta Lakuntzakoak Lakuntzaskoarrira joan ohi dira, urteko lehen igandean Altsasuko Mendigoizaleak Bargagainera jotzen dute eta Errege Egunean, ilbeltzaren 6an, Sakanako Mendizaleak Beriainen bildu ohi dira. Aurten, mendizale bakoitza bere kabuz ibili beharko da.