1. Sakanan hondakin bilketa sistema ezberdinak daude herriaren arabera. Zeintzuk dira?
Zortzi herritan atez ateko zerbitzua dago, herri txikietan edo kontzejuetan sistema mistoa, eta Altsasun eta Irurtzunen edukiontzi sistemarekin jarraitzen dute. Altsasun 5. edukiontzia dago materia organikoa biltzeko eta Irurtzunen materia organikoa auzo konposten bidez kudeatzen da.
2. Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak garbigune berriak ireki ditu Altsasun eta Ziordian.
Orain arte Sakanan garbigune finko bakarra genuen, Arbizuko transferentzia gunea. Horretaz gain, garbigune mugikorra dago, herriz herri hondakin bereziak jasotzera joaten den kamioia. Urriaren 20an Altsasun garbigune finko bat ireki zen bilketa sarea handitzeko. Eta abenduaren hasieran Ziordian ekarpen gune txiki bat jarri zen martxan.
3. Emausko Trapuketariek oraindik bolumen handikoak eta bestelakoak jasotzen dituzte?
Bai. Sakanako Hondakin Zerbitzuan ez da zerbitzurik kendu, zerbitzuak gehitu dira. Emausko Trapuketarien zerbitzuak martxan jarraitzen du, garbigune mugikorrak jarraitzen du eta Arbizuko guneak ere. Altsasuko garbigune finkoa eta Ziordiko ekarpen gunea gehitu egin dira.
4. Non dago Altsasuko garbigune finkoa?
Pilotajauku inguruan dago, hilerritik eskuineko bidea hartuta aurrera joanda. Goizeko 9:00etatik 14:30era dago zabalik, astelehenetik ostiralera. Bertan etxetresna elektriko handiak, txikiak, tamaina handikoak, bateriak, pilak, margoak… denetarik jasotzen ditugu.
5. Ziordiko ekarpen gunea non dago?
Elizaren atzealdean dago. Bertara gauzak eramateko Ziordiko udaletxearekin jarri behar da harremanetan, astearteetan eta ostegunetan, goizeko 10:00etatik 12:00etara, giltza uzteko. Ziordikoan besteetan baina gauza gutxiago jasotzen dira. Inausketak edo obra txikiko hondakinak onartzen dira, baina soilik kantitate txiki bat etxe bakoitzeko. Tresna elektrikoak, tonerrak, bonbilla fluoreszenteak… halakoak. Altsasura gauza gehiago eman daitezke, handiagoa denez kudeaketa ere ezberdina delako.
6. Zerbitzu berriak zabaldu dituzuenetik denbora gutxi pasa da, baina zer nolako balorazioa egiten duzue?
Altsasukoak denbora luzeagoa darama zabalik eta balorazioa oso ona izan da. Jendeak dio bazela garaia herrian halako zerbitzu bat izateko. Mugimendua dago, jendeak gauzak eramaten ditu eta erantzuna positiboa da.
7. Furgoneta Sakanan herriz herri dabil. Jendea ohitu da bertara gauzak eramatera?
Bai, jendeak erabiltzen du, ezagutzen du eta mugimendua duen zerbitzua da; erabilera nahiko ona da. Ildo honetan, aipatu nahiko nuke abenduaren 28tik ilbeltzaren 3ra arte ez dela garbigune mugikorraren zerbitzua egongo. Data horietan garbigune finkoak martxan egongo dira, baina mugikorra ez.
8. Aurtengo Eguberriak bereziak izango dira. Irudipena da hondakin gutxiago sortuko dugula, baina ikusteko dago. Normalean garai hauetan zabor bilketa handiagoa izaten da, ezta?
Eguberrietan hondakin gehiago sortzen ditugu, eta, ondorioz, hondakin gehiago biltzen dira Sakanako Hondakin Zerbitzuan. Aurtengo egoera berezia da, ikusiko dugu zer gertatzen den.
9. Sakanako Mankomunitateak Eguberrietan orain arteko hondakin zerbitzuak mantenduko ditu?
Berez bilketa berdina izango da, bi egunetan izan ezik. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez da zabor bilketa zerbitzurik egongo, baina gainontzeko egunetan bai.
10. Altsasuko garbigunean eta Ziordikoan ordutegi berezirik izanen da Eguberrietan?
Altsasuko garbiguneak normal jarraituko du, abenduaren 25a, ilbeltzaren 1ean eta ilbeltzaren 6an izan ezik. Egun horietan garbigunea itxita egongo da, baina gainontzeko egunetan zabalik. Eta Ziordiko ekarpen gunea udaletxearen ordutegiaren araberakoa izango da.
11. Aholkuren bat emango zenieke sakandarrei? Ahalik eta zabor gutxien sortzea, eta hondakinak ongi kudeatzea, esaterako.
Idealena hori litzateke, ahalik eta zabor gutxiena sortzea, baina badakigu nolakoa den hau. Gogoratu dezatela abenduaren 25ean eta ilbeltzaren 1ean ez dagoela zerbitzurik eta egun horietan ez dezatela zaborrik atera, eta, jakina, guztiek Eguberri onak pasa ditzatela.