Ongi etorria baino gehiago

Guaixe 2020ko abe. 31a, 10:58

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun eta Euskara zerbitzuek, Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalekin batera, aurten erroldatutako pertsonei erakunde harrera egin zieten larunbatean. Migrazioen Nazioarteko Eguna ostiralean izan zen eta haren harira antolatu zuten.  

Herritar berriak eta tokiko erakundeen artean elkar ezagutu eta aldeen arteko hurbilpena sustatzeko erakunde harrerak egin ziren larunbatean. Etxarri Aranatzen egin zen aurrenekoa. Udalaren izenean Maria Saez de Albeniz Bregañak eta Marta Lopez Urmenetak egin zieten harrera aurten erroldatu eta ekitaldira agertu ziren 12 etxarriar berriei. Ongi etorria ematearekin batera, herriko zerbitzuen berri eman zien. Haiekin batera zerbitzuen izenean Begoña Zestau Baraibar, Izaskun Errazkin Beltza eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Ana Balda Doncel izan ziren. Bakoitzak, labur, bere zerbitzuaren egitekoaren berri eman zuten. Zestauk Mank-en Kirol eta Berdintasun zerbitzuen berri ere eman zuen. Errazkinenek euskararen berri eman zien ere. 

Herritar berriek beraien bizipenen berri emateko ere hitza hartu zuten larunbatean. Gainera, zubigile lana egin zuten jaioterri bereko arbizuarrak eta etxarriarrak izan zituzten “amaponteko eta aitaponteko” ekitaldian. Etxarri Aranatzen Falou senegaldarra eta Marisa kubatarra izan ziren eta Arbizun Suleiman maliarra. 

Arbizuko kasuan Francisco Javier Razkin Flores alkateak eta Aitzaga Zeberio Petriatik egin zieten harrera herritar erroldatu berriei. Haiekin batera Etxarrin egondako teknikari berak izan ziren.   Arbizun, gainera, udaletxean bertan hainbat zerbitzu daudenez, herriaren etxean barnako bisita gidatua egin zuten osasun kontsultategia, udal bulegoa, hainbat ekitaldi hartzen dituen bilkura bulegoa eta liburutegia bertatik bertara ezagutzeko. Hala zerbitzuak hurbiltzea lortu zuten udal ordezkariek. Telefono trukaketak ere egon ziren, eta erakunde harreran parte hartu zutenek “pozik” hartu zuten ekimena. 

Erakunde harreraren ondoren, Zestauk jakinarazi duenez, ekimenak segida izanen du: “asmoa da bi udaletxeetan erroldaz arduratzen diren profesionalei horren berri ematea zuzenean. Eta euskarriak ere emanen zaizkie. Jatorriaren arabera euskarri bat edo beste emanen zaie”. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikariak gaineratu duenez, “larunbatekoa hasiera izan da. Asmoa da honekin segitzea, hobetzea, eta beste udaletara zabaltzea”. Zestauk gaineratu duenez, “urtean bitan egitea proposatuko dut, garagarrila eta abendu aldera”. 

Informazio praktikoa
Arbizuar eta etxarriar berriek ekitaldian hainbat euskarri jaso zituzten. Alde batetik, herrian eta ibarrean dauden zerbitzuen berri ematen duen esku-orria; gainera, herria Sakanan non kokatzen den adierazten duena. Eta, bestetik, bai Arbizu nola Etxarri Aranatz Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide direnez, erakunde horrek prestatutako informazio euskarriak eta euskararen irakaskuntzarako bideak eta laguntzen berri eman zieten. Etxarrin, gainera, jatorri anitzetako pertsonak euskarara hurbiltzeko beraien esperientzia nolakoa izan zen kontatzen zuen bideoa eman zuten. Hori ere, UEMAk ekoiztuta.