Hiru araztegitan eguzki plakak jarriko dituzte

Guaixe 2021ko urt. 11a, 10:02
Etxarri Aranazko araztegia eta herria.

Eguzki-energia, urak arazteko eta urtero 116 tona karbono dioxido (CO2) atmosferara askatzea saihesteko. 

Ur-arazketaren ardura duen Nilsa enpresa publikoak Nafarroako araztegiak eguzki-energiaz hornitzeko plana martxan jarri du. Herrialdeko hainbat araztegietan panel fotovoltaikoak jarrita 116 tona CO2 isurtzea saihestu nahi du Nilsak. Horrekin batera, energia berriztagarriak sustatu eta argindar faktura murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, faktura hori ur araztegien mantentzearen eta jardueraren gastu handiena baita. Egitasmoa “klima aldaketaren kontrako borrokan eta jasangarritasunaren alde” egindako apustuaren barruan kokatu du gobernuak. 

Aurten hasi da egitasmoa gauzatzen Tafalla aldeko eta Erriberako zenbait araztegietan eguzki plakak jarriz. Nafarroako araztegi gehiagotan panel fotovoltaikoak jarriko dituzte, baina ezinen da guztietan jarri klimagatik. Nilsatik jakinarazi digutenez 2021eko abenduan Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Urdiain-Altsasuko araztegietan jarriko dituzte eguzki plakak.