15 herritan presoen etxeratzearen alde eginen dute

Guaixe 2021ko urt. 7a, 12:15
Sareren Izan Bidea dinamikaren barruan Lakuntzan egindako kontzentrazioa. Artxiboa.

Pandemiak bertan behera utzi du ilbeltzaren bigarren asteburuan euskal presoen eskubideen alde urtero Bilbon egiten den manifestazioa. Horren ordez ilbeltzaren 9an, 17:30ean, herrietako plazetan ‘Bidea gara’ leloa duen kontzentrazioak eginen dira.

Euskal presoen eta erbesteratuen etxeratzea aldarrikatzeko makina bat bilkura eginen dira Euskal Herrian barna ilbeltzaren 9an. Sarek deitutako bilkurak dira eta “konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen aldeko lanean parte aktiboa izateko” konpromisoa berresteko balioko dute. Bilkura horietan presoei aplikatzen zaien salbuespeneko araubideari akabera ematea eta estatuko kartzeletan gainerako presoei aplikatzen zaizkien lege arruntak aplikatzea eskatuko da batetik. Bereziki, presoak lehen gradutik bigarrenera pasatzera, erregimen arruntera; “presoak etxeratzeko bidearen hasiera baita, espetxe-araudia huts-hutsean aplikatuta”. 

Herriz herri “espetxe-politikaren ondorioak jasaten ari direnak” gogoratuko dituzte.  Sareko kideek azaldu dutenez, “gure seme-alabendako etorkizun hobea, gorrototik, gatazkatik eta mendekutik aldendutako etorkizuna, bizikidetzan eta bakean oinarritutako etorkizuna eraiki nahi dugun guztion artean eginen dugu”.

Sareko kideek gogorarazi dutenez, “euskal presoei aplikatzen zaien urruntze-politikaren ondorioz presoen egoera txarra bazen, pandemiak presoei bisitak egiteko murrizketa, muga eta oztopo gehiago ekarri ditu”. Eta gogoratu dute presoen ehun bat seme-alabek gurasoetako bat edo biak ikusi gabe urte erdia baino gehiago daramatela. Oraindik ere preso batzuk isolamenduan edo larriki gaixo daudela ere gaztigatu dute. “Beraz, bide luzea dugu egiteko, eta gu ez gaude prest normala ez dena normalizatzeko. Espetxe-politika euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean normalizatuko da”. 

15 bilkura 
Aldarrikapen horiek bere egiteko eskatu diote euskal gizarteari eta ilbeltzaren 9ko elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu dute, osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta. Sakanan honako  herrietan eginen dira kontzentrazioak: Irurtzun, Arakil. Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordian. Izan Bidea dinamikaren baitan “Bidea gara” leloa izanen dute bilkurek. 

Bestalde, Sareren jarduna finantzatzeko bazkide egin edo www.sare.eus webgunearen bidez edo ilbeltzaren 9an bertan diru ekarpena egitera animatu dute.