Trakatan, trakatan, Sakanara

Guaixe 2021ko urt. 5a, 09:18
Errege magoak gaur Sakanatik pasako dira.

Ekialdeko hiru erregeak ilbeltzaren 5ean Sakanan bisitan izanen dira.

Izar baten atzetik datozen ekialdeko hiru aztiak, Baltasar, Gaspar eta Meltxor, Sakanan izanen dira urtero moduan ilbeltzaren 5ean. Maiestateek haien laguntzaile bat bidali dute aurretik sakandar guztiei gogorarazteko, batetik, gutunak idatzi beharko dituztela ezinbestean opariak jaso nahi badituzte. Eta, bestetik, COVID-19 pandemia dela eta, herrietako harrera ekitaldien antolatzaileen jarraibideak segitu beharko dituztela haiek iristean. Hiru erregeek prebentzio neurriak ikasiak ekartzen dituztela gaineratu dute. Azkenik, herrietako batzorde horietako kideen lana eskertu dute. 

Ekialdeko erregeen etorrera
Herria Ordua Tokia
Irurtzun 18:30 Erregeak agurtu nahi dituzten irurtzundarrek elizara joan beharko dute. Hala ere, haiek agurtu eta gabon kantak abestuko dizkiete. Baina maiestateengana ezin izan du inork hurbildu, distantziak mantendu behar baitira. Pandemiagatik elizako aforoa murriztuta egonen da.
Uharte Arakil 19:00 Zerradoatik abiatuko da Baltasar, Gaspar eta Meltxorren segizioa gurdi bakarrak osatuta. Handik Itxesiara joko du erregeek bertako auzotarrak agurtzeko. Eta behin hango bisita despeditu ondoren, errege segizioa herrian sartuko da eta harri buelta emanen dio, ekialdeko aztiek uhartear guztiek agurtzeko. Aurten, jende pilaketak saihesteko, ezin izanen da inor errege segizioarekin batera herrian barna kalejiran ibili, eta hiru erregeak ikusi nahi dituztenek etxetik egin beharko dute.
Lakuntza 18:00 Ibai aldetik iritsiko da erregeen segizioa Lakuntzara, aurten gurdi bakarrean. Herri guztiko kaleetatik pasako dira Baltasar, Gaspar eta Meltxor. Ekialdeko aztiek eskatu dute haien gurdiaren atzetik inor ez joateko eta haiek agurtu nahi dituztenak etxetik edo etxe paretik egiteko, distantzia mantenduz eta jende pilaketak saihestuz.
Lizarraga 18:00 Txikienak faleak hartu eta Lizarragan barna hotsa dariola egonen dira goizean, errege segizioa Lizarragaz ahaztu ez dadin. Ordurako dagoeneko eliza atarian egondako postontzian beraien gutunak botata izanen dituzte. Elizatik abiatuko dira hiru erregeak eta haien laguntzaileek. Haien atzetik ezin izanen du inork joan. Baltasar, Gaspar eta Meltxor ikusi nahi dituztenek etxetik egin beharko dute eta ezin izanen dira erregeengana hurbildu.
Etxarri Aranatz 19:00 Erregei gutuna idazten dietenek elizaren ondoan jarriko den postontzian utzi dezakete. Errege segizioa, berriz, ilbeltzaren 5ean etorriko da. Etxarriarrek ezinen dute herrian barnako kalejiran hiru erregeekin batera egin. Haiek ikusi nahi dituztenak herrian zehaztutako zazpi puntuetako batera joan beharko du, etxetik gertuen duenera ahal dela. Baltasar, Gaspar eta Meltxor geldialdi horietan ikusteko aukera izanen da, baina ezinen da gehiegi gerturatu, jende pilaketak saihesteko metro eta erdiko distantzia mantendu behar delako. Hiru erregeen hitzorduak honakoak dira: 17:30ean Malkorramendin, 17:50ean Andra Mari ermitan, 18:10ean Bureñako parkean, 18:30ean Maiza plazan, 18:50ean Aritzeta bidean, 19:10ean Dorremonean eta 19:30ean ikastola parean. Toki bakoitzean ezin dira 150 pertsona baino gehiago elkartu.
Iturmendi 17:00 Faleak eskutan, Iturmendiko haurrak kalez kale ibiliko dira hotsa ateratzen, ohikoa denez. Ez beraiek ezta gainontzeko iturmendiarrek ez dute aurten errege segiziorik ikusiko herrian, baina, ziurrenik, haiek utzitako opariek ez dute hutsik eginen.
Altsasu 17:00 Errege magoei gutuna bidali nahi dietenek Gure Etxea eraikinean propio jarritako postontzia izanen dute ilbeltzaren 3an eta 4an, 17:00etatik 19:30era. Ohi denez, ilbeltzaren 5ean etorriko dira Baltasar, Gaspar eta Meltxor Altsasura. Herritarrei Iortia kultur gunean eginen diete harrera 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. 15 minutuko harrerak eginen dituzte erregeek. Haurrek lehentasuna izanen dute, beraz, familia unitate bakoitzeko heldu bat besterik ezin izanen da sartu. Sarrerak kultur gunean edo haren web orrian eskuratu daitezke.
Ziordia 18:30 Errege segizioak Ziordiko Milagros ermitan hartuko du aterpea, baina hara joaten diren ziordiarrek ezin izanen dute gerturatu.