Bridatutako urte akaberako ospakizunak

Guaixe 2020ko abe. 31a, 09:23
Iturmendiko haurrak errege egunean farekin hotsa dariola ibiltzen dira. Artxiboa.

Urtea despeditzeko eta ongi etorria emateko hitzorduak erabat aldatu ditu pandemiak.

Osasun agintariek eguberrietan arduraz jokatzeko eskatu dute, horrela gaitza ez zabaltzeko. Abenduaren 31n aurten ez da San Silbestre kirol probarik izanen. Beren urteroko ohiturari eutsiko diotenak mendizaleak izanen dira. Baina Nafarroako perimetro itxiera dela eta, Aizkorrira igotzeko ohitura zutenek ezinen dute igo. Urtea mustutzeko ez dira su artifizialak faltako ilbeltzaren 1eko aurreneko segundoetan. Baina tabernetako parrandak etxeratze aginduarekin ez dira beste urteen antzekoak izanen. 

Urtea Ur goiena, ur barrena abestia kantatzen hasteko ohitura dago Irañetan, Arruazun, Lizarragabengoan, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen. Etxeratze agindua eta jende pilaketak eragozteko neurriak kontuan hartu beharko dituzte guztietan ere, 2021eko lehen orduetatik gaitza herrian barna zabaldu nahi ez badute. Etxarri Aranatzen, esaterako, presoen etxeetan kantatzeko eta haien senideei elkartasuna eta berotasuna eramateko 01:00etan ateratzen den taldeak, 18:00etara atzeratu du hitzordua. 

Bestetik, Altsasun urteko lehendabiziko eguneko iluntzean udalak auzatea eskaini ohi du. Gure Etxea eraikinean elkartzen direnak gaztainak, intxaurrak eta ardoa dastatzeko aukera izanen dute. Baina ohitura hori 2021ean ez da izanen, COVID-19 gaixotasunak eragindako krisiaren ondorioz, eta gaitza ez zabaltzeko ezarritako osasun neurriak bete behar direlako.