Ikazkinaren bisitarik arraroena

Guaixe 2020ko abe. 24a, 09:00
Olentzero eta Mari Domingi mendiko bidean behera.

Olentzero eta Mari Domingi Sakanara etorriko dira gaur, baina musukoa jantzita

Pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantendu, musukoa jantzita izan, jende pilaketak saihestu… Horiek eta COVID-19 gaitzari aurre egiteko beste hamaika aholku jaso dituzte basoan ere Olentzerok eta Mari Domingik. Eta, pandemiak-pandemia, Sakanara bisitan etorriko dira. Hori bai, bikoteak nahiago izan du Irurtzunen aurrez aurre ez agertzea, herri erdia konfinatuta baitago, eta haiek joanda jendea kalera atera eta gaitza gehiago zabaltzearen beldur zirelako. Hala ere, Olentzero eta Mari Domingi Irurtzunen eta ibarreko herri guztietan, modu batera edo bestera, presente egonen direla esan dute. Aldi berean, bikoteak esker ona azaldu die haien ongi etorri harrerak herrietan antolatzen egon diren guztiei; jakin baitakite borondatezko lana egiteko jendea opatzea gero eta zailagoa dela eta, gainera, pandemiak antolakuntza lanak zaildu dizkielako. 

Olentzeroren etorrera
Herria Ordua Tokia
Irurtzun 18:00 Iskidi taldeko joalduna, trikitilariak, txistulariak eta akordeoilariak aterako dira kaleak alaitzera. Herriko hainbat puntutan geldialdiak eginen dituzte beraien musika irurtzundarrek etxetik egoki entzun dezaten. Musikarien ondoren Mari Mur eta Olentzerok, Iskidiren mitologia pertsonaiez lagunduta, irurtzundarrendako mezua zabalduko dute. Hura ikusteko Irurtzungo Udalaren www.irurtzun.eus webgunean sartu beharko dira irurtzundarrak 19:00etan.
Etxeberri -- Olentzero Etxeberrira menditik, Joseren etxe ondotik, agertuko zen herenegun. Ikazkina haurrak dauden etxeetara joanen zen zuzenean. Haiek harrera egin zioten, baina gehiegi gerturatu gabe. Eta gutuna emateko baliatu nahi zutenek Olentzeroren zakuan edo zarean sartu zuten. Hori bai, banaka eta musukoa jantzita eman zizkioten gutunak. Ez zen kalejirarik izan jende pilaketak saihesteko. Haurrak dauden etxe guztiak bisitatu ondoren, ikazkina heldu den urtera arte agurtuko zituen etxeberriarrak.
Etxarren 16:00 Etxarrenddarrek Olentzero distantzia gordeta ikusteko aukera izanen dute, musukoak jantzita.
Hiriberri Arakil Iluntzean Olentzeroren bisita izanen dute hiriberriarrek, ikazkinak ez ditu oparirik gabe utziko, baina osasun egoerak eskatzen dituen neurriak zorrotz betetzea eskatu du, hau da: bere kalez kaleko ibileran inor atzetik ez joatea eta bera ikusi eta agurtu nahi dutenek beraien etxeetatik egin dezatela. Behin herri guztia agurtu ondoren, ikazkina bere egitekoetara bueltatuko da.
Irañeta 18:00 Andia aldetik heldu den ikazkina autobus geltoki inguruan agertuko da. Baina irintarrek ez dute kalejirarik eginen eta bakoitzak bere etxetik agurtuko du ikazkina.
Arruazu 19:30 Arnazko bidetik etorriko da ikaskina. Eta bera izanen da herrian barna kalejira eginen duena, arbazuarrek ezin izanen baitute harekin batera batetik bestera ibili. Etxetik eta distantzia gordez ikusi beharko dute Olentzeroren bisita.
Lakuntza 17:00 Olentzero eta Mari Domingi herritik barna ibiliko dira, baina lakuntzarrek ez dute haren ondoan kalejirarik eginen aurten. Kalera atera eta haiek ikustearekin konforme gelditu beharko dute. 18:00etan bikoteak frontoian opariak banatuko ditu. Han pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak bete beharko dira. Gainera, frontoian sartu nahi dutenek, aldez aurretik 656 546 345 telefonoan (Naia) izena eman beharko dute.
Arbizu 18:30 Arbizuarrek plazan eginen diete harrera Olentzerori eta Mari Domingi. Han aulkietan eserita eta elkarren arteko distantziak mantentzen, zain izanen dituzte herriko haurrak, bikotearen eskutik opariak jasotzeko desioetan. Jende pilaketak eragozteko pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea gomendatu dute. Eguraldiak lagunduko ez balu, harrera frontoian eginen litzateke.
Lizarraga 18:30 Eliz atariaren ondoan jarrita egon den Olentzeroren popin baten ondoko postontzi batean jaso dituzte Lizarragako haurrek ikazkinari idatzitako gutunak. Olentzero eta Mari Domingi menditik etorriko dira beste lau laguntzailerekin batera. Haiek izanen dira Lizarragan kalez kale ibilik diren bakarrak, aurretik bidalitako mezuan lizerratarrei eskatu baitiete beraien etxean gelditzeko eta bertatik agurtzeko gabon gaueko segizioa. Beraz, etxeko atetatik, leihotik edota balkoitik agurtzeko aukera izanen dute, distantzia mantenduz eta musukoa jantzita.
Etxarri Aranatz 17:30 Haritzalkoko postontzian jasotako gutunak irakurri eta gero, Olentzerok eta Mari Domingik nahikoa lan izanen dute opariak banatzen gaur Etxarri Aranatzen. Haiek osatutako segizioa herrian barna ibiliko da, baina haiekin batera beste inor ez joateko deialdia egin dute antolatzaileek. Olentzero eta Mari Domingi ikusi nahi dutenek herrian zehaztutako zazpi puntuetako batera joan beharko du, etxetik gertuen duenera ahal dela. Olentzero eta Mari Domingi puntu horietan 15 bat minutuz egonen dira, baina ezinen da gehiegi gerturatu, jende pilaketak saihesteko metro eta erdiko distantzia mntendu behar delako. Bikoteak gaurko jarri dituen hitzorduak honakoak dira: 17:30ean Malkorramendin, 17:50ean Andra Mari ermitan, 18:10ean Bureñako parkean, 18:30ean Maiza plazan, 18:50ean Aritzeta bidean, 19:10ean Dorremonean eta 19:30ean ikastola parean. Toki bakoitzean ezin dira 150 pertsona baino gehiago elkartu.
Bakaiku 18:00 Olentzerok eta Mari Domingik ordu erdia hartuko dute bakaikuarrak bisitatzeko. Aurtez ez dira kalez kale ibiliko. Eguraldiak laguntzen badu plazara joanen dira eta, bestela, Iturrarte frontoian eginen dute harrera. Distantziak mantendu behar direnez, haurrak aulkietan eserita egonen dira bikotearen harrera garaian.
Iturmendi 19:00 Menditik etorri eta Atxumendi kaletik sartuko dira Iturmendik Olentzero eta Mari Domingi. Herrian barnako kalejira egin eta frontoian bukatuko da. Ezinen da segizioaren atzetik joan aurreko urteetan bezala. Olentzero eta Mari Domingi ikusi nahi dituztenek etxetik edo etxeko atetik edo ibilbidean barnako puntu jakinetan egin beharko dute. Hori bai, beti osasun neurriek ezartzen dituzten segurtasun neurriak hartuta. Aurten, akaberan, bikotea agurtu beste aukerarik ez dute izanen iturmendiarrek.
Urdiain 18:00 Olentzerok eta Mari Domingik aurten ere ez dute hutsik eginen Urdiainen. Beraiek bakarrik dakiten moduan, etxe guztietara iritsiko dira lehenik, haietan txikienendako gutun eta goxoki poltsa bana utziz. Ohi bezala, herrian barna kalejira eginen dute. Baina aurten laguntzaile bakarrak txistulariak izanen dira. Haiek gertutik ikusi eta haiei kantatu nahi dutenek segizioak geldialdiak egitea aurreikusi duen bost puntuetako batera joan beharko du: Sagardia kalea, Kortela kalea, Iturtxulo kalea, Goienkalde eta Portuko kaleko bidegurutzean eta Goienkalde 36 ondoan. Han daudela pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da.
Altsasu 17:00 Olentzerok eta Mari Domingik Iortia kultur gunean harrera eginen diete altsasuarrei 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Egun horretan oso lanpetuta egonen direnez, 15 minutuko hitzordu bereziak izanen dira eta haurrak protagonistak direlarik. Horregatik, familia unitate bakoitzeko heldu bat besterik ezinen da sartu, kultur guneko aforoa 150 pertsonara mugatuta baitago. Sarrerak kultur gunean edo haren web gunean jaso behar dira. Olentzero eta Mari Domingiren bideoa: https://labur.eus/ZTNf8.
Olatzagutia 18:00 Lamiatuturrek gutunak domekan jaso ondoren, Olentzero eta Mari Domingi ordu bat emanen dute Olatzagutian gaur. Haiek agurtu nahi dituztenak honako tokitan izanen dute aukera: Sancti Espiritu, Inguraketa-Portua kaleen bidegurutzea. Intsumisioaren plaza, Kale Nagusia eta Urbasa kaleen bidegurutzea, San Sebastian ermita, Arronga plaza eta Kale Nagusia eta Kamiogaina kaleen arteko bidegurutzeetan. Ikazkinaren segizioaren atzetik ezin izanen du inork joan, eta agur puntuetan pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da. Olentzerori agurra errazteko bilgune bakarrera joateko eskatu diete antolatzaileek olaztiarrei.
Ziordia 18:30 Olentzero eta Mari Domingi ikusi nahi dituzten ziordiarrek Gaztelura joan beharko dute. Pandemiagatik ezin izan dute haiengana hurbildu.