Pilota

Binakakoa: Martija eta Zabaleta oilarren lehia gaur Zallan

Guaixe 2021ko urt. 11a, 11:01
Martija eta Zabaleta Masters KutxaBank txapelketan. Argazkia: Patxi Cascante

Jakak eta Martijak  Elezkano eta Zabaleta izanen dituzte aurkari gaur Binakako Txapelketako 2. jardunaldia isten duen partidan. Atzeko koadroetan Martija edo Zabaleta gailenduko den ikusteko dago. Bestalde, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak burua altxa ezinik jarraitzen dute

Binakako Pilota Txapelketako 2. jardunaldia gaur itxiko da, Erik Jakak eta Julen Martijak Danel Elezkanoren eta Jose Javier Zabaletaren kontra Zallan jokatuko duten partidarekin (22:30, ETB1).  Elezkano eta Martija irabaztetik datoz eta Jaka eta Martija galtzetik, baina partida ireki eta ikusgarria espero da, bi arerio handien artekoa.

Izan ere, Erik Jakak eta Danel Elezkanok aurreko koadroetan izango duten lehia bezain ikusgarria izango da atzeko koadroetan Martijak eta Zabaletak izango dutena, bi atzelari sakandarrak egun dauden atzelari preziatuenen artean daudelako. Zabaleta aspalditik da atzelari onenetakoa, eta Martijak gora egin du nabarmen, Joseba Ezkurdiarekin duela hilabete pasa 2020ko Binakako txapela lortu zuenetik, are gehiago. Hortaz, atzean zein gailenduko den da gaurko partidako jakinminetako bat, Jakak eta Elezkanok aurrean izango duten jarrerarekin batera. Partida irekia da eta ikusiko da nork eskuratuko duen jokoan dagoen puntua. 

Ezkurdia eta Ladis Galarza, burua jaso gabe
Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez diote Binakakoari hasiera ona eman. Lehendabiziko jardunaldian hiru tantotan utzi zituzten Elezkanok eta Zabaletak, Arbizukoarendako eta Baraibarkoarendako negargarria izan zen partidan, eta larunbatean, Bergaran, Altunak eta Mariezkurrenak 11 eta 22 hartu zituzten mendean. Altuna eta Mariezkurrena izan ziren nagusi hasieratik eta garaipena lortzeko ez zuten gehiegi sufritu behar izan 52 minutu iraun zuen eta 402 pilotakada gurutzatu ziren partidan. Galarza zalantzan ibili zen, hasieratik, eta Galarzari atzean jokatzea erabaki zuten Altunak eta Mariezkurrenak. Ezkurdia hasieratik jabetu zen berak egin beharko zuela dena: tantoak bukatu, atzelariari lagundu atzerago jarriz, errestoan airean sartu –13 alditan sartu zen–, defentsako lana… une batzuetan bazirudien bat biren kontra ari zirela. Ezkurdia saiatu zen, baina ez zuen lortu, Altuna eta Mariezkurrena gehiago izan zirelako 

Ezkurdiak eta Galarzak oraindik ez dute burua altxatu; txapelketan aurrera egin nahi badute, elkar ulertzera kondenatuta daude. Partida bukaeran argi mintzatu zen arbizuarra: “Ni neu ez nago puntu puntuan, eta, gainera, ez gara ari bikotea osatzen. Lehiakorragoak izan behar dugu, eta aurkariei askoz ere aukera gutxiago eman”. Ea Binakako 3. jardunaldirako lortzen duten, arerio gogorrak baitituzte, Jaka eta Martija hain zuzen ere.