Ziklo-kros

Sakandarrak bikain Espainiako Ziklo-kros Txapelketan

Guaixe 2021ko urt. 11a, 13:45
Mikel Regil, Espainiako kadeteen mailako Ziklo-Kros Txapelketako podiumean. Argazkia: Espainiako Txirrindularitza Federazioa.

Mikel Regil kadete mailako txapeldunordea izan da, Aimar Tadeo jubenilen mailan 15. postuan sailkatu da eta Igor Arrieta 23 urtez azpikoetan 5. izan da

Azken egunotan Espainiako Ziklo-kros Txapelketa jokatu da Torrelavegan, eta bertan aritu diren txirrindulari sakandarrek lan ederra egin dute. Elite mailan ez dugu ordezkaritza izan. Aurreko urtean Gorka Izagirre (Astana) hirugarren izan zen, baina aurten ez da ziklo-krosean aritu, pandemia dela eta errepideko denboraldia atzeratu zelako eta ezin ziolako guztiari aurre egin. 

Igor Arrieta uhartearrak afizionatuen 23 urtez azpiko kategoria ziklo-krosarekin mustu du. Lehenengoz Lizarte taldearekin aritu zen Arrieta, non eta Espainiako Ziklo-kros Txapelketan. Amateur maila modu oso onean mustu du uharte arakildarrak, Espainiako 23 urtez azpiko Ziklo-kros Txapelketan 5. postuan sailkatu baitzen uhartearra, lasterketa oso ona egin ondoren. Ivan Feijoo (Nesta-Skoda) izan zen Espainiako txapelduna (57:30), Jofre Cullell (Kataluniako Selekzioa) txirrindulariarekin lehia oso estua izan eta gero. Xabier Murias (Laboral Kutxa) izan zen hirugarrena, Gonzalo Inguanzo (Teika) laugarrena, eta, esan bezala, Igor Arrieta 5. sartu zen, 2:57ra. “Egindakoarekin ongi sentitzen naiz. Kategoria berria mustutzen nuen, baina gutxi gorabehera aurreikusten nituen postuen artean ibili naiz. Ibilbidea eta zirkuitua lohiaz josia zegoen, baina hanketatik ongi ibili naiz eta pozik nago egindako lasterketarekin” azaldu zuen Igor Arrietak bukaeran. Nabarmentzekoa da Igor Arrieta azken lerroan atera zela eta sekulako erremontada egin zuela aurreko postuetara heltzeko. 

Aimar Tadeo 15. postuan juniorretan
Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo lakuntzarrak Nafarroako selekzioarekin hartu zuen parte Espainiako Ziklo-Kros Txapelketan. Lakuntzarrak kategoria mustutzen du, kadete mailatik junior mailara egin baitu salto, eta maila berrian ongi ibili zen. Junior mailako Espainiako Ziklo-Kros Txapelketa oso estua izan zen eta Galiziako Selekzioko Miguel Rodriguez gailendu zen (43:54). 
Aimar Tadeo 15. postuan sartu zen, 4:56ra, eta Nafarroako selekzioko lehena izan zen. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncilla etxarriarra 55. postuan sailkatu zen. 

Kadeteetan Mikel Regilek zilarrezko domina
Espainiako Ziklo-Kros Txapelketan podiumera igo den sakandar bakarra Mikel Regil izan da. Burunda Txirrindularitza Taldeko txirrindularia Nafarroako selekzioarekin aritu zen kadete mailako txapelketan eta lehia oso bizia izan zuen Kataluniako selekzioko Carlos Gamezekin. Azkenean, Gamezek hartu zuen aurrea eta bera izan zen txapelduna (36:25), eta Mikel Regil 18 segundora sartu zen (36:43), lan bikaina egin eta gero. Pozik dago Regil, eta ez da gutxiagorako, meritu handia izan baitu eta zilarra ekarri baitu Torrelavegatik.