Pilota

Zabaletak aginte makila hartu zuen Zallan

Guaixe 2021ko urt. 12a, 09:30
Zabaleta ikusgarri aritu zen beste behin.

Zabaletak eta Elezkanok bigarren puntua eskuratu zuten Jakaren eta Martijaren kontrako partida oso estuan (19 eta 22). Martijak ongi jokatu zuen, baina Zabaleta gailendu zitzaion

Binakako Pilota Txapelketako 2. jardunaldiko azken partida jokatu zen bart Zallan. Txapelketako bi biko oso indartsuen arteko goi mailako partida izan zen. Jaka eta Martija, batetik, eta Elezkano II.a eta Zabaleta, bestetik. Katedrak asko espero zuen atzoko partidaz: Zabaleta eta Martija atzelari sakandarren arteko lehia estua, batetik, eta Jakaren eta Elezkanoren arteko haginkadak, bestetik. 

Eta lau pilotariek ez zuten huts egin. Bi bikoek dena eman zuten eta lehia ikusgarria izan zen. Hasieran Jakak eta Martijak hartu zuten aurrea. Erik Jakak erasokor jokatu zuen, errematean bikain aritu zen eta bere erritmoa ezartzen saiatu zen, eta Martijak pilota ezkerraldean kokatzen asmatu zuen. Horrela, 7 eta 1 aurreratu ziren Jaka eta Martija beren jokoari esker, Zabaletaren ez ohiko akats batzuek lagunduta. Egoera ikusita, Zabaletak aginte makila hartu zuen eta partidaren erritmoa markatzen hasi zen. Elezkano Zabaletak zabaldutako tarteak aprobetxatu eta partidan sartzen hasi zen, eta, horrela, tantoak pilatzen hasi ziren biak. 11na berdintzea lortu eta markagailua irauli zuten. Zabaletak sekulako erakustaldia egin zuen, eta nahiz eta Martijak ongi jokatu, gutxika Zabaleta gailendu zitzaion atzeko koadroetan. 

Hala ere, Jakak eta Martijak ez zuten partida galdutzat eman. Markagailuan hurbildu ziren, 16 eta 21etik 19 eta 21era gerturatu baitziren, baina sake eta errematean txapara joan zen Jakaren pilota eta 19 eta 22 gailendu ziren Zabaleta eta Elezkano, 71,70 minutuko iraupena izan zuen eta 636 pilota gurutzatu ziren partida estuan. Beste behin, Binakakoan sekulako maila eman zuen Zabaletak eta egungo atzelari onenen artean dagoela berretsi zuen. 

3. jardunaldiak dakarrena
Bi jardunaldi jokatuta, Altuna-Mariezkurrena eta Elezkano-Zabaleta dira Binakako hasierako ligaxkako liderrak, biak bina punturekin eta tantoaveragean berdinduta (+22 puntu). Olaizola-Rezustak 2 puntu dituzte, Peña-Albisuk eta Urrutikoetxeak puntu bana eta Jaka-Martijak, Artola-Arangurenek eta Ezkurdia-Ladis Galarzak ez dute punturik. 

Binakako Txapelketako 3. jardunaldia jokatuko da datozen egunotan. Elezkano II.ak eta Zabaletak Altuna eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari (astelehenean, 22:30ean, Azpeitian. ETB1), Jakaren eta Martijaren kontra ariko dira Ezkurdia eta Ladis Galarza (Igandean, Astelenan, 17:00etan. ETB1), Artola eta Aranguren Peña II.aren eta Albisuren aurkariak izango dira (ostiralean, 22:15ean, Amorebieta-Etxanon. ETB1) eta Olaizola II.ak eta Rezustak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte arerio (larunbatean, 17:15ean, Bizkaian. ETB1).