Futbola

Nafarroako oinarrizko futbolaren itzulera aldarrikatu dute

Guaixe 2021ko urt. 12a, 12:00

Nafarroako hainbat futbol taldetako 150 ordezkarik kontzentrazioa egin zuten Nafarroako Kirol Institutuaren aurrean, Nafarroako kategoria federatuen futbol lehiaketaren hasiera itzultzeko

COVID19 pandemia dela eta, soilik Espainiako Futbol Federazioak kudeatzen dituen futbol txapelketak ari dira jokatzen, 3. mailatik gorakoak eta jubenilen nazional mailakoak. Nafarroako Futbol Federazioak kategoria txikietatik hasita 1. Maila Autonomikora bitarteko txapelketa guztiak, aldiz, ez dira hasi. Eta txapelketa horiek hastea eskatu zuten, hain zuzen ere, atzo Nafarroako Kirol Institutuaren aurrean bildu ziren 150 ordezkari inguruk, sakandarrak tartean. Abenduaren erdialdean Nafarroako futbol klubek, arbitroek eta entrenatzaileek komunikatu bat sinatu zuten, oinarrizko futbolaren itzulera eskatuz, eta komunikatu hori beren egin zuten atzoko kontzentrazioan parte hartu zutenek, eta “Guk ere golak ospatu nahi ditugu! Seguruak gara! Jokatu nahi dugu!” zioen pankartaren atzean kokatu ziren. 

Elkarretaratzean irakurri zuten komunikatuan Nafarroako Kirol Institutuari aurrera pausua egitea eskatu zioten “oinarrizko futbolari eta maila autonomikoko futbolari euren lehiaketak hastea ahalbideratzeko, jakina, bete beharreko segurtasun neurri eta protokolo guztiak beteaz”. Komunikatuan azaldu zuten Estatu mailako txapelketak jokatzen ari direla, eta txapelketa horiek erakutsi dutela “Nafarroako futbola segurua dela”. “Egoerarekin kezkatuta gaude, baina kutsatzeak ez dauden tokian, ez da debekatu behar, sustatu egin behar da. Futbola aire zabalean jokatzen da, futbola segurua da” berretsi zuten. 

Futbol klubeko ordezkariek azaldu zutenez, azarotik dabiltza entrenatzen, baina txapelketak jokatzea da jokalariak motibatzen dituena eta lehiaketarik gabe, zaila egiten ari zaie jokalariak motibatuta izatea. 

Aurreikusten da Nafarroako Kirol Institutuak gaur erresoluzio berria argitaratuko duela, eta futbol autonomikoaren itzulera datuak jasoko direla bertan. Nolanahi ere, Kirol Institutuko kudeatzaile Miguel Pozuetak behin eta berriz nabarmendu duenez, Osasunbidea da erabakiak hartzen dituena, pandemiaren uneko egoera kontuan hartuta.