Askotariko Sakana zikloaren bigarren txanda hemen da

Guaixe 2021ko urt. 13a, 11:12
Hormak, mendialdeko LGTBI+ taldea, Irurtzungo aurkeztu zuen bere burua eta hilaren 23an Olatzagutian eginen du. Argazkia: Berdintasun Zerbitzua.

Bihar, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean da hitzordua. Eta hilaren 21ean, 19:00etan, Olatzagutiko kultur etxean. Aforoa dela eta, gonbidapena aldez aurretik eskuratu behar da berdintasuna@sakana-mank.eus e-posta helbidean. 

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak eta Kattalingune Nafarroako Gobernuko LGTBI+ zerbitzuak Askotariko Sakana. Aniztasuna ereiten zikloa antolatu zuen udazkenerako. Pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileek lehenik atzerarazi zuten egitaraua eta, ondoren, egitaraua bitan banatzera behartu zituen antolatzaileak. Irurtzunen Kattalingune eta Hormak, mendialdeko LGTBI+ taldearen aurkezpenak egin ziren abenduaren 18an. Bi egun geroago Lakuntzan sexu eta genero aniztasunaz ari zen antzezlana ikusteko aukera izan zen. 

Sexu eta genero aniztasunaren informazioa zabaltzeko helburua du zikloak eta bere bigarren zatia bihar bertan hasiko da. Etxarri Aranazko kultur etxean jarri dute hitzordua, 19:00etan. Transformatzen dokumentala emanen dute lehenik. Gainera, ikus-entzunezkoaren egilea, Hikiru taldeko Ekaitz Goikoetxea Etxarri Aranatzen izanen da. Harekin batera, Naizen, adingabe transexualen familien elkarteko kide baten testigantza izanen da. Bukatzeko, Goreti Etxepare Alberrok Kattalingune LGTBI+ zerbitzuaren berri emanen du. 

Olatzagutian despedituko da Askotariko Sakana. Aniztasuna ereiten zikloa. Hilaren 21ean, ostegunean, izanen da, 19:00etan, kultur etxean. Kattalingune zerbitzuaren eta Hormak taldearen aurkezpena eginen da, eta horrekin batera, Naizen elkarteko kide batek testigantza emanen du.