Euskaraldian parte hartzeko bi rolen artean aukeratu behar da: ahobizi eta belarriprest. Bata edo bestea aukeratzean ez da kontuan hartu behar euskararen ezagutza, baizik eta Euskaraldiak irauten duen bitartean izanen den jarrera. Ahobizi eta belarriprest rola hartuko duten herritarrak behar bezala trebatzeko materiala zabaltzen ari dira Euskaraldiaren antolatzaileek egunotan, uneoro nola jokatu behar duten jakin dezaten.
Ahobizi
• Aztertu zure ohiturak eta ekin euskarari.
• Aztertu norekin eta zertarako erabiltzen duzun euskara.
• Ingurua prestatu: ingurukoekin aurreikusi eta adostu ohitura aldaketak.
• Jantzi Euskaraldia: txapa, sare sozialetako argazkiak... adierazi parte hartzen ari zarela.
• Elkarrizketa elebidunetan, euskaraz: komunikazioa bermatuta dagoenean, eutsi euskarari.
• Baztertu aurreiritziak eta eutsi erabakiari: aztertu nola gainditu zure aurreiritziak. Ziur pentsatu baino gehiago egin dezakezula euskaraz.
Eutsi euskarari:
Ekin (lehen hitza euskaraz), adierazi (euskarari eutsiko diozula), egiaztatu (solaskideak ulertu dizula), esan (beste modu batean, solaskideak ulertzeko zailtasuna duenean).
Belarriprest
• Aztertu zure ohiturak eta ekin euskarari.
• Aztertu norekin eta zertarako erabiltzen duzun euskara.
• Ingurua prestatu: Ingurukoekin aurreikusi eta adostu ohitura aldaketak.
• Jantzi euskaraldia: Txapa, sare sozialetako argazkiak... adierazi parte hartzen ari zarela.
• Adierazi euskararekiko prestutasuna: Jakinarazi solaskideei euskara jaso nahi duzula eta, zeuk ere, nahi eta ahal beste erabili.
• Baztertu aurreiritziak eta eutsi erabakiari: Aztertu nola gainditu zure aurreiritziak. Ziur pentsatu baino gehiago egin dezakezula euskaraz.
Egin lekua euskarari:
Adierazi (euskara ulertzen duzula eta jaso nahi duzula), ekin (ahal eta nahi duzunean euskaraz hitz egin), jakinarazi (ulertzeko zailtasunak dituzunean, beste modu batean esateko eskatu)