Zaintza onak urte guztiko kontua direlako

Guaixe 2021ko urt. 20a, 11:26

Gizarte Zerbitzuek banatu duten egutegiko irudietako bat.

Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Prebentzio eta Familia Programek emozio osasunaren alde mesedegarriak lantzeko kanpaina egin dute. Seme-alabak dituzten familiek egutegia jaso dute.

Sakanako familien barruan zaintza onak sustatzeko asmoz, eskola adinean seme-alabak dituzten familiek egutegi bat jaso dute. Egutegiak hilero irudi eta esaldi bana du. Josune Zabala Ijurkok azaldu duenez, “familian osasun emozionala garatzeko mesedegarriak diren alderdiak transmititu nahi ditugu. Egutegia gurasoendako lagungarria eta familiaren harremanetan onuragarri izatea nahi izan dugu. Irakurri, hausnartu eta praktikan jartzera gonbidatu ditugu”. 

Zabala Irurtzun eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Prebentzio eta familia Programako hezitzailea da. Kanpaina Etxarri Aranatz eta Altsasu eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Prebentzio eta familia Programekin batera egin dute eta eskola adinean seme-alabak dituzten Sakanako 1.200 familiei banatu dizkiete egutegiak.

Hiru eskualdeetako hezitzaileek, prebentzio programaren bidez, urteak daramatzate familiekin lanean, seme-alaben heziketaren inguruan. Osasuna eta buru osasuna landu dituzte, esaterako droga kontsumoaren edo sare sozialen erabileraren inguruan aritu dira maiz. Zabalak esan duenez, “zaintza onek umeen heziketan duten garrantzia” azpimarratu dute beti, “baita familiendako hain garrantzitsua den emozio osasuna landuz”. COVID-19 gaitzaren agerraldiarekin “gurasoek heziketaz aparte ongi egoteko beharra nabarmendu dute. Baina kezkak segitzen du, esaterako, pandemiarekin sare sozialak gehiago erabiltzen direlako”. 


Familian elkar ongi zaintzeko 12 ideia 
1. Ahalik eta hobekien egotea da bizitzako helburuetako bat. Inoiz pentsatu duzu zer egin dezakezun zuk hori lortzeko?

2. Familiak eredu eta ispilu gara seme-alabentzat: “seme-alaben heziketan, garrantzitsuagoa da egiten duguna esaten duguna baino”.

3. Enpatiak (bestearen lekuan jartzea) beste pertsona batzuekin harremanak izatea ahalbidetzen digu eta hari esker, harreman osasuntsuak sortzen ditugu. 



4. Seme-alaben heziketan, ezinbestekoa da maite ditugula adieraztea, baina, aldi berean, arauak eta mugak jarri behar dizkiegu. 

5. Ba al zenekien oso osasungarria dela haserrea modu egokian adieraztea? Gure emozioak azaleratzen baditugu, ez dira barruan enkistatuko eta, beraz, ez gara gaixotuko. 

6. Nahikoa garrantzia ematen diogu gure seme-alabek duten eta egiten duten guztiari? Edo gehiago erreparatzen diogu gustatzen ez zaigunari? Familian ikasten dugu geure burua baloratzen eta maitatzen.

7. Lasai gaudenean eta ondo sentitzen garenean, errazagoa da familiako gorabeherak konpontzea. Zaindu dezagun geure burua hobeto hezteko. Geure burua zaintzen dugula ikusten badute, seme-alabek ere gauza bera egingo dute.

8. Nerabezaroa bizitzako garai garrantzitsua da, eta gu izorratu nahian dabiltzala ematen duen arren, ez da horrela. Nerabeek konfrontazioa erabiltzen dute autonomia irabazteko.

9. Seme-alabei nola begiratzen diegun, horrek eragina du haien gaitasunetan edo mugetan. Fokua gauza batean jartzen badut, hori handitu egingo da. Euren gaitasunei erreparatu behar diegu, izan badituzte eta. 

10. Ba al zenekien modu positiboan hitz egiteak hobeto sentiarazten gaituela?

11. Ba al zenekien barre egiteak ongizatea eta autoestimua areagotzen dituela? Zergatik ez dugu barre gehiago egiten?

12. Familiak portuak bezala gara seme-alabendako. Etortzen direnean hartzen ditugu, eta libre uzten ditugu beren bizitza egin dezaten.