Hiru ikastetxetan ‘Euskaraz solas eta jolas’

Guaixe 2021ko urt. 19a, 10:30
Ikasleak patioan jolasten. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako euskarazko mintzapraktika tailerrak Zelandi eta Domingo Bados ikastetxe publikoetan eta Iñigo Aritza ikastolan izanen dira.

Hezkuntza Departamentuak antolatu dituen tailer horien helburua da “D eta A ereduetako ikasleen ahozko euskara hobetzea. Horretarako, jolas giroko jarduera eta talde dinamikak erabiltzen dira”. Mikel Albisu koordinatzaileak gaineratu duenez, “astebetez, ikastalde bakoitzak hezitzaile baten bisita jasotzen du. Horri esker, ikastaldeak erdibitu egiten dira; horrela, tutorea ikasleen erdiarekin gelditzen da, eta hezitzaileak beste talde erdia hartzen du. Ikasle kopurua erdira jaistean, euskaraz mintzatzeko aukera gehiago dute ikasleek, jakina baita talde kopurutsuetan zailagoa dela ahozkotasuna lantzea”.

Albisu Beintzako Orbela aterpetxeko arduraduna da eta han eta Arantzan egin izan dira Euskaraz bizitzeko egonaldiak aurreko ikasturteetan. Baina COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak halako egonaldiak egitea ezinezko bihurtu du eta “Solas eta jolas” tailerrek ordezkatu dute. Marian Antoñana departamentuko Euskara atalburuak azaldu duenez: “Argi zegoen pandemia egoeran ezin genituela euskarazko egonaldiak egin aterpetxeetan, baina aldi berean oso argi genuen ahozko euskara indartu behar genuela ikastetxeetan. D eta A ereduko ikasle gehienendako, eskola da euskara ikasteko eta erabiltzeko gune nagusia eta, batzuetan, ia bakarra. Udaberriaz geroztik aurrez aurreko eskolarik gabe zeudenez, euskaraz hitz egiteko askoz ere aukera gutxiago izan zuten ikasleek”.

Eskaintza egin eta ikastetxeen aldetik jasotako erantzunak antolatzaileen aurreikuspenak gainditu zituen, “Nafarroako gizartea euskararen egarri dagoela ikusi dute”. Baina, antolatzaileek ezin izan dituzte eskaera guztiak onartu. Udazkenean tailerren lehenbiziko txanda egin zen eta 1.024 ikaslek parte hartu zuten. Atzotik martxo akabera bitartean 2.118 ikasleren txanda izanen da. Horien artean Sakanako hiru ikastetxetako ikasleak daude. Altsasuko Zelandi eskola publikoko D ereduko 6A eta 6B gelak eta A ereduko 6. maila eta Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoko 4-5 taldea tailerrean aste honetan parte hartuko dute. Iñigo Aritza ikastolako bi taldek berriz martxoaren 22tik 26ra izanen dute mintzapraktika tailerra.