Autonomoek “zerga sistema justua” aldarrikatu dute

Guaixe 2021ko urt. 19a, 14:15
Trafikoa Sakanako Autobian (A-10), Irañeta parean.

Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergatik modulu bidezko zerga ordainketarik ez dute urte hasieratik. Autonomoen iritziz horrek haien gaineko zerga presioa bikoiztu eginen du. Zerga berriaren araudiaren kontra mobilizazioak egin zituzten, eta egiten segituko dute.

Hainbat ekonomia jardunetan aritzen diren langile autonomoak bat egin dute Nafarroako Gobernuari “zerga sistema justua” eskatzeko. Garraiolariak, taxi gidariak, ostalariak, nekazariak, merkatariak, mekanikariak, ile apaintzaileak, harakinak… eskakizun bera dute: zergak ordaindu nahi dituzte, baina justuki. Ez daude ados Nafarroako Gobernuak autonomoen Errentaren Gaineko Zergan egin nahi duen aldaketarekin. 

Izan ere, aurten Nafarroako Gobernuak Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga Aitorpena moduluka edo atalka egiteko aukera kendu du, eta horren ordez Zuzeneko Estimazioaren Araubidea ezarri. Aldaketa hori egiteko Foru Legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak abenduaren 23an.  Esan bezala, autonomo asko ez daude batere ados aldaketa horrekin. Horrela, Nafarroako autonomoen 11 elkartek –TRADISNA, ANET, UAGN, AITAN, Nafarroako Merkatari Elkartea, ANAPEH, AEHN, ANTRV, Nafarroako Harakinen Gremioa, Nafarroako Ile Apaintzaileen Elkartea, CEAT–, plataforma bat osatu dute euren eskakizunak bideratzeko. Guztira Nafarroako 45.000 familia inguru ordezkatzen dituzte. 

Ezkakizunak
Plataformatik adierazi dutenez, behin baino gehiagotan saiatu dira Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen, moratoria bat zehaztu eta elkarrekin lan egiteko. “Koronabirusak sortutako munduko krisi baten erdian gaudela, ez da Errenta Aitorpena moduluka edo atalka egiteko aukera kentzeko unea. Eta are gutxiago erabakia presaka hartzea, sektore bakoitzak dituen ezaugarriak eta beharrak kontuan hartu gabe” diote autonomoek. 

Gaineratu dutenez, zerga sistema berriak kalte ugari ekarriko dizkie, hainbat gastu eta inbertsio ezinen dituztelako zerga bidez kendu. Esaterako, garraiolariak kexu dira zerga sistema berrian kamioiaren erosketa gastua ezinen dutelako kendu. Eta nekazariek diote ezingo dutela lursailen kostua, nekazaritzako makineria eta beste amortizatu. “Gurean inbertsio handiak egin behar dira, eta zerotik hastea ezinezkoa izanen da” diote. Beste sektore batzuk ere kexu dira, eta jasango duten zerga presioa “bikoiztu eta kasu batzuetan hirukoiztuko dela” diote. “Zuzeneko estimazioa izan nahi badute, Errenta Aitorpenean ditugun gastu eta inbertsio guztiak sartzea utz diezagutela” azpimarratu dute. 

Araudi aldaketak autonomoak “larri zaurituta” uzten dituela nabarmendu dute. Espainiar estatuko gainontzeko autonomoekin alderatuta ez direla lehiakorrak izanen uste dute. “Guztiek berdin kobratzen dugu baina guk gehiago ordaindu beharko dugu” diote. 

Eskaerak
Autonomoendako konponbidea Nafarroako Gobernuarekin hitz egitea da. Elkarrizketa, kexu baitira orain arte izandako bileretan foru administrazioak hartutako erabakien berri besterik ez diela eman.  “Autonomoendako Zerga Aitorpen sistema berria indarrean jartzeko bidean, bi urteko moratoria edo trantsizio epea jasotzea eskatu genion azaroan Nafarroako Gobernuari. Bi urteko epe horretan gaur egungo zerga sistema mantentzea eskatzen diogu Gobernuari, eta bitartean sektorekako lantaldeak sortzea, Ogasun Departamentuko eta autonomoen ordezkariez osatutakoak, zerga sistema berrian sektore ekonomiko bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzeko eta sistema berrian jasotzeko” dio autonomoen plataformak. 

Bi urteko epealdia eskatu dute ere autonomoak zerga ordainketan eginen diren aldaketetara “modu zuhur, eraginkor eta adostuan egokitzeko beta izateko”. Foru administrazioak ez ditu haien eskakizunak entzun. “Gaizki eta berandu egin dute aldaketa”. Abendu hasieran hari buruzko informaziorik ez zutela eta urte hasieran dutena eskasa dela gaztigatu dute. “Zerga aldaketa ez da gauden krisitik sendoago ateratzeko tresna bat”.