Pilota

Ezkurdia eta Martija, irabaztera behartuta dauden arerioak

Maider Betelu Ganboa 2021ko urt. 15a, 13:50

Ezkurdia-Galarzak eta Jaka-Martijak Binakakoan ez dute oraindik garaipenik lortu eta egoerari buelta ematera derrigortuta daude. Igandean elkarren kontra ariko dira eta jokoan dagoen puntua lortzea ezinbestekoa da biendako. Atzoko material aukeraketan biek aitortu dutenez, 2020ko Binakako finaletik errekuperatzea kosta egiten ari zaie. Elezkano II.ak eta Zabaletak, aldiz, lidergoa dute jokoan 

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 2 jardunaldi jokatu dira eta oraindik 12 jardunaldi daude aurretik, baina zuzendu beharreko zenbait gauza daudela erakutsi du orain arteko bideak. Ezkurdia-Ladis Galarzak eta Jaka-Martijak ez dute garaipenik lortu, baina nahiz eta bi bikoteek punturik ez izan, euren arteko egoera oso desberdina da.

Jakak eta Martijak orain arte jokatutako bi partidak galdu dituzte. Ilbeltzaren 1ean Altunak eta Mariezkurrenak 11 tantotan utzi zituzten eta astelehenean, Zallan, Elezkano II.aren eta Zabaletaren kontra 19 eta 22 galdu zuten. Hala ere bikote sendoa osatzen dute Jakak eta Martijak, ongi jokatzen ari dira eta egoerari buelta emango diotela espero da, jokatutako partidetan ongi aritu baitziren, sendo. 

Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren testa
Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren kasua bestelakoa da, momentuz behintzat. 2019 urteko Binakakoan bikotea osatu zuten eta txapelketa ez zuen ongi hasi. Ezkurdiak bikoteari tira egin behar izan zion eta Galarzak lasaitzea eta txapelketan sartzea lortu zuen, eta itxuran despeditu zuten hasierako ligaxka, 6. postuan, finalerdirako puntu batera. Aurten ere ez dira ongi hasi. Lehen jardunaldia ahazteko modukoa da, Elezkano II.ak eta Zabaletak 3 tantotan utzi zituztelako. Bigarren jardunaldirako Irunen gertatutakoa ahaztu eta partida hobea egitea nahi zuten, baina Altuna III.aren eta Mariezkurrenaren kontra 11 eta 22 galdu zuten larunbatean Bergaran. 

Okerrena ez da galtzea, galtzeko modua baizik. Izan ere, Ezkurdiak eta Ladis Galarzak ez dute lortu bikotea egitea. Elkar ulertzea falta zaie. Ezkurdiak tiratzen du bikotetik. Ladis Galarzari ez da konfiantzarekin ikusten, zalantzati dabil, atzera doan pilotakada Baraibarkoak nola erantzungo duen ez dago jakiterik. Horrek atzera laguntzera jaistera behartzen du Ezkurdia, airez sartzera eta arrisku gehiago hartzera. Hala ikusi zen larunbatean Bergaran. Ezkurdia hasieratik jabetu zen berak egin beharko zuela dena: tantoak bukatu, atzelariari lagundu atzerago jarriz, errestoan airean sartu –13 alditan sartu zen–, defentsako lana… une batzuetan bazirudien bat biren kontra ari zirela. Arbizuarra ez dago txapelketan eroso eta hori argi ikusten da. 

Beraz, gelditu, hausnartu, elkarrekin gehiago hitz egin eta zezena adarretatik hartzeko garaia iritsi zaie Ezkurdiari eta Ladis Galarzari. Txapelketan aurrera egin nahi badute, elkar ulertzera kondenatuta daude. Larunbatean argi mintzatu zen arbizuarra: “Ni neu ez nago puntu puntuan, eta, gainera, ez gara ari bikotea osatzen. Lehiakorragoak izan behar dugu, eta aurkariei askoz ere aukera gutxiago eman”. 

Ezkurdia-Galarza vs Jaka-Martija, markagailua mustutzera
Egoerari buelta emateko asko dute Ezkurdiak eta Ladis Galarzak, baina 3. jardunaldian arerio gogorrak dituzte: punturik gabe dauden Erik Jaka eta Julen Martija. Partida igandean jokatuko dute, Astelenan (17:00, ETB1). Material aukeraketa atzo egin zuten eta bi arerioek errespetu handia azaldu zieten elkarri. Katedrak Jaka eta Martija jotzen ditu faborito, baina Ezkurdiak eta Ladis Galarzak burua altxatu nahi dute eta lehia estua espero da. Ziurrenik Galarza zigortzea izango da Jakaren eta Martijaren estrategia, eta horretarako prestatu beharko dute Arbizukoak eta Baraibarkoak. 

Ezkurdia: “Bikote bezala gehitzen hasi behar dugu”
Atzoko pilota aukeraketan, argi mintzatu zen arbizuarra. “Asteartean Bergaran entrenatu genuen Ladisek eta biok eta hitz egiten aritu ginen, bikote gisa gehitu behar dugula, sentsazio positiboak lortu eta beste segurtasun bat erakutsi behar dugula. Gure jokoa egiten ez badugu ez dugula ezer lortuko kontziente gara. Bereziki segurtasuna lortu behar dugu, eta jokoan ausartak izan” azaldu zuen Ezkurdiak. 

Ezkurdiak gaineratu zuen ere lehendabiziko bi jardunalditan txapelketako bi bikote faboritoenen kontra aritzea egokitu zaiela, Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrena. “Gure ahultasunak gehiago nabaritu dira, baina aitortu beharra dago irudi oso pobrea eman dugula. Orain, dakiguna erakutsi behar dugu”. Halaber, 2020ko Binakako finaletik errekuperatzea kosta egiten ari zaiola aitortu zuen. “Sentsazioak eta jokoa berreskuratzen kosta egiten ari zait, baina uste dut, gutxika, lortzen ari naizela eta hori da nire helburua”. 

Martija: “2020ko finaletik errekuperatzea kosta egiten ari zait”
Ezkurdiaren iritzi berekoa da Martija. Etxeberriko atzelariak ere aitortu zuen Ezkurdiarekin batera jokatutako finaletik errekuperatzea kosta egiten ari zaiola. “Finala oso gogorra eta zorrotza izan zen eta uste dut oraindik hura ordaintzen ari naizela, muskuluetan dudan tentsio gainkarga batez ere. Baina gutxika hobera noa” azaldu zuen. Igandean irabazi beharra dutela azpimarratu zuen Etxeberrikoak. “3. jardunaldian beste porrot bat izateak txapelketa asko zailduko luke. Beraiendako ere garrantzitsua da irabaztea, eta Ladisek eta Josebak dakitena jokatzen badute, bikote gisa asko batzen dute” dio. Beraz, igandean asko dago jokoan Astelenan. 

Elezkanok eta Zabaletak lidergoa dute jokoan
Bestelako egoeran daude Elezkano eta Zabaleta. Bikote sendoa osatzen dute eta Jose Javier Zabaleta ikusgarri dabil. Lehen jardunaldian 3 tantotan utzi zituzten Ezkurdia eta Galarza, eta astelehenean Jakaren eta Martijaren kontra garaipen garrantzitsua lortu zuten (19 eta 22). Jaka eta Martija aurreratu ziren, oso ongi jokatuta, 7 eta 1, baina Zabaletak aginte makila hartu, partidaren erritmoa markatzen hasi eta markagailua irauli zuten berak eta Elezkanok. Martijak ongi jokatu zuen, baina gutxika Zabaleta gailendu zitzaion atzeko koadroetan. Sasoi betean dago Zabaleta, egungo atzelari onenetakoa da eta berme bikaina Danel Elezkanorendako. Sailkapenean lider dira Altuna-Mariezkurrenarekin batera, biak bina punturekin eta tanto average berberarekin (+22). 

Astelehenean, hain zuzen ere, Altuna eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari Azpeitian (22:30, ETB1). Lider diren bi bikoen arteko partida izango da, orain arteko bi biko onenen arteko partida, oilarren artekoa. Beraz, puntu bat baino gehiago dago jokoan, lidergoa hartzea, eta ikusmina handia da. 

Beste bi partidak
Gainontzeko bi jardunaldiei dagokienez, min hartuta dagoen Artola ordezkatuko duen Oinatz Bengoetxeak eta Arangurenek Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari (ostiralean, 22:15ean, Amorebieta-Etxanon. ETB1) eta Olaizola II.ak eta Rezustak Urrutikoetxearen eta Imazen kontra jokatuko dute (larunbatean, 17:15ean, Bizkaian. ETB1).