Tabernetako terrazetan erretzeko debekua atzera bota du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak

Guaixe 2021ko urt. 15a, 11:37
Jendea Etxarri Aranazko terraza batean.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak pandemiari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak onartutako gainontzeko murrizketak berretsi ditu baina terrazetan erretzeko debekua atzera bota du, Nafarroako Gobernuak ezarpen hori justifikatzen duen txostenik ez duela aurkeztu argudiatuta

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren (NJAN) arabera, Nafarroako Gobernuaren justifikazioa "ez da nahikoa" ostalaritzako establezimendu guztietako terrazetan erretzea debekatzeko. Horri buruzko berariazko txostenik aurkeztu ez duenez, NJANeko Administrazioarekiko Auzien Salak ez du berretsi Osasuneko sailburuaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduan jasotako neurrien puntu zehatz hori. Hortaz, Nafarroako tabernetako terrazetan erretzeko debekua bertan behera gelditu da. 

Errekurtsoa jar daitekeen autoan, Salak gainerako neurri soziosanitarioen luzapena berretsi du, ostalaritzaren eremuan erretzea debekatzeari buruzko puntua izan ezik. Puntu horretan, 2 metroko segurtasun distantzia bermatuz gero, erretzea baimentzetik inola ere ez baimentzera pasatu nahi zen. Horrek, Auzitegiaren ustez, herritarren oinarrizko eskubideak gehiago mugatzea dakar, eta, beraz, ez da baimendu ziren osasun neurrien luzapen hutsa, benetako aldaketa baizik.

Magistratuek adierazi dutenez, beste prozedura batzuetan ere jasota utzi dute murrizketa handiagoak hartzeko "motibazio zehatzagoa" beharrezkoa dela. Auzitegiak dioenez, Foru Aginduan honako hau baino ez da adierazten: "Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu guztiek debekatuta dute terrazetan erretzea (upelak barne); izan ere, terrazetan erretzeak kutsatzeko arrisku handia dakar establezimendu horietan, eta saihestu egin behar da, erretzen duenaren eta terrazetan daudenen artean dagoen distantzia alde batera utzita". Auzitegiak gaineratzen duenez, "justifikazio hori ez da nahikoa osasun publikoaren ikuspegitik beharrezko neurria den ala ez ikusi ahal izateko; izan ere, ez da ad hoc txostenik aurkeztu, soilik bilakaera epidemiologikoari buruzko datuak, sala honek neurri horren beharra eta proportzionaltasuna baloratu ahal izateko". Bestalde, "berriro" ohartarazi dute Administrazioak badituela horretarako baliabide nahikoak, eta hori ez dela "ahaztu behar" etorkizunerako. Beraz, terrazetan erre ahalko da beti ere 2 metroko segurtasun distantzia bermatuz gero. Bestela, ezingo da erre.